Gizarte Segurantzak 6.915 prestazio bideratu zituen iaz Nafarroan, adingabea jaio eta zaintzeagatik. Horietatik, 3.191 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 3.724 bigarren gurasoarenak, normalean aitarenak. 2022an, prestazio horren gastua 55.264.508 eurokoa izan zen.
Herrialde osoan 473.720 prestazio izapidetu ziren jaiotza eta adingabearen zaintzagatik; guztira, 3.260,2 milioi euro.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioak amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituen 2021eko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zenean eta bien arteko erabateko parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke, astebetekoak gutxienez.
Prestazio horien zenbatekoa erditu, adoptatu, zaindu edo hartu aurreko hileko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ordaintzen du zuzenean, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta formularioaren bidez, helbidean https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html.
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, 2022an Nafarroan alta emandako eszedentzien kopurua 1.858koa izan zen; horietatik 1.302 emakumeenak izan ziren eta 556, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua ehuneko 5,83 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta. Estatuan, guztira, 47.455 eszedentzia eman ziren.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.