Lankidetza-hitzarmenak
Lankidetza-hitzarmenak Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidego baten edo batzuen arteko akordioak dira. Konferentzia sektorialekin batera, Estatu Autonomikoan gehien erabiltzen diren lankidetza-tresnak dira, figura honen berezko kontratu-askatasunarengatik, zeinak egokitasun eta malgutasun berezia ematen baitie Estatuak eta autonomia-erkidegoek lortu nahi dituzten akordioen edukia finkatzeko.
Lankidetza-hitzarmenek oinarrizko erregulazio bat dute Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluan, eta bertan zehazten dira bete beharreko baldintzak. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, erregulazio hori 2017ko abenduaren 21eko PRA/1267/2017 Aginduarekin osatzen da; agindu horren bidez, Ministro Kontseiluaren 2017ko abenduaren 15eko Erabakia argitaratzen da, Hitzarmenak Izapidetzeko Jarraibideak Onartzen dituena.
Formalki, hitzarmenak alde biko lankidetza-tresnatzat hartzen dira, baina, praktikan, Gobernuak eta ministerioek, pixkanaka, hitzarmen-politikari alde anitzeko trataera ematea bultzatu dute, eta testu bera edo antzekoa proposatu diete autonomia-erkidego guztiei edo gehienei. Ondorioz, sinatutako hitzarmenen zati handi bat “harpidetza orokorreko hitzarmentzat” hartzen da, autonomia-erkidego guztiekin edo gehienekin sinatu baitira, eta autonomia-erkidegoekin lankidetzan eta lurralde nazional osoan edo gehienean garatu beharreko politika orokorrei erantzuten baitiete.
Gaur egun, hitzarmenak formalizatzean egonkortasuna eta jarraitutasuna nabari da, eta, beraz, horietako askok urte anitzeko indarraldia dute edo urtero luzatzen dira, lehendik ezarritako lankidetzari eutsiz.
Hitzarmen askok estatuaren kargurako finantza-konpromisoak dituzte, eta, beraz, praktikan, autonomia-erkidegoek gauzatu beharreko politika eta jarduera zehatzak bultzatzeko erabiltzen ditu Gobernuak. Estatuaren aurrekontu-ekarpen horiek autonomia-erkidegoen ekarpenak osatzen dituzte, eta Gobernuak sustatu nahi dituen autonomia-erkidegoen jarduera-ildoak sustatzen dituzte. Garrantzitsuak dira gizarte-politiken, azpiegituren eta ingurumen-politiken arloko hitzarmenak. Beste kasu batzuetan, alderdien ekarpenak administrazio batek beste administrazio baten onurarako eta kontura egindako jardueraren ordaina dira.