Estatuaren finantza-lankidetza
Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian ezarritakoaren arabera, Estatuak finantza-baliabideak eman ditzake autonomia-erkidegoei eskumenez dagozkien jarduerak garatzeko, autonomia-erkidegoek kudea ditzaten.
Aukera horrek araudi espezifikoa du, batez ere Aurrekontuen Lege Orokorraren 86. artikuluan aurreikusitakoa. Artikulu hori Aurrekontuen Lege Orokorrean txertatu zen Konstituzio Auzitegiak otsailaren 6ko 13/1992 Epaia eman ondoren. Epai horretan, Auzitegiak Estatuaren gastu-ahalmena eta autonomia-erkidegoen programak eta jarduerak finantzatzeko kredituak kontsignatzeko eskumenak aitortu zituen, betiere autonomia-erkidegoen betearazpen-esparrura egokituta.
Legean araututako prozedurak bi fase bereizten ditu formalizazioan. Lehenengoaren helburua da kreditua gaian eskumena edo eragina duten autonomia-erkidegoen artean banatzeko irizpide objektiboak ezartzea, bai eta aukeratutako irizpide bakoitzaren haztapen-indizeak ezartzea ere. Dagokion Konferentzia Sektorialaren bileran lankidetza-erregimenean oinarritzen da fase hori, eta horrek aukera ematen du zentzu hertsian irizpideak ez ezik, Estatuak sustatzen dituen xede eta helburuak ere eztabaidatzeko.