Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 290. artikuluaren arabera, Europako Batzordeak legedia egikaritzen du erkidego mailan. Zehazki, Europar Batasuneko Kontseiluak Batzordeari esleitutako betearazpen-eskumenen irismena zehazten du lege-egintza bakoitzak. Testuinguru horretan, Tratatuak aurreikusten du Batzordeak komite baten laguntza izatea, “komitologia” izeneko prozedura baten arabera.
"Komitologia" terminoak, beraz, Batzordeak Europar Batasuneko legegileak ematen dizkion betearazpen-eskumenak estatu kideetako ordezkarien batzordeen laguntzarekin erabiltzeko sistema laburbiltzen du.
Estatu kideetako ordezkariek osatutako eztabaida-foroak dira komiteak, eta Batzordeko funtzionarioek zuzentzen dituzte. Aukera ematen diote Batzordeari estatuetako administrazioekin hitz egiteko, betearazpen-neurriak hartu aurretik. Hala, neurri horiek herrialde bakoitzaren errealitatera ahalik eta hobekien egokitzen direla bermatzen du Batzordeak. Batzorde gehienak urtean behin baino gehiagotan biltzen dira (gehienetan Bruselan).
“Komitologia”, 2011ko martxoaren 1etik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 182/2011 (EB) Erregelamenduak arautzen du. Erregelamendu horrek estatu kideek Batzordearen betearazpen-eskumenak nola baliatzen dituzten kontrolatzeko modalitateei buruzko arauak eta printzipio orokorrak ezartzen ditu.
Espainiaren kasuan, autonomia-erkidegoen parte-hartzea pixkanaka handituz joan da, eta gaur egun Europako Batzordeko ehun batzorde baino gehiago biltzen ditu. Parte-hartze hori Espainiak batzorde horietan duen ordezkaritzako kide gisa gauzatzen da, betiere baldintza hauek betetzen badira:
- Autonomia-erkidegoen eskumenak batzorde ezberdinetan lantzen diren gaien gainean.
- Autonomia-erkidego askoren berariazko borondatea, edo dagokien batzordeetan parte hartzeko berariazko interesa.
- Batzordeen bileretan parte hartzeko gaitasun tekniko egokia duten eta administrazio autonomiko batekin funtzionario- edo lan-harremana duten langileak izatea.
Autonomia Erkidegoak izendatutako funtzionarioa edo teknikaria batzorde jakin baten bileretara joango da, autonomia-erkidego guztien ordezkari gisa.