Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak Estatuko Administrazio Orokorreko eta Segurtasun Indar eta Kidegoetako emakumeak bildu ditu, M-8aren ospakizuna dela-eta beren presentzia eta Euskadin egiten duten lanaren garrantzia ikusarazteko.
Marisol Garmendiak azpimarratu duenez, “Estatuko Administrazio Orokorra, gaur egun, gehienbat emakumezkoa da. Erakunde eta arlo funtzional ezberdinetan emakume gehiago ari dira lanean gizonezko baino, eta zuzendaritza-postuetan emakumeen presentzia erabateko berdintasunera hurbiltzen ari da, duela urte batzuk nekez imajina zitekeena. Emakumeok hurbiltasunez, enpatiaz eta elkartasunez tratatzen ditugu pertsonak, eta jendeak aintzat hartzen du hori. Aurrerapen horrek aldaketa sakona islatzen du gure gizartean eta gure erakundeetan. Estatuko Segurtasun Kidegoetan ere emakumeen presentzia nabarmen areagotzen ari da, historikoki oso maskulinizatuta egon ziren esparruetan urratsez urrats berdintasun handiagoa finkatuz”.
“Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernua neurri eta politika zehatzak bultzatzen ari da, agerian uzten dutenak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna arrazoi bidezkoa eta beharrezkoa dela balio demokratikoak, kohesio soziala eta justizia indartzen jarraitzeko. Oraindik dirauten kristalezko sabaiak eraisteko aurrera egin behar dugu, eta emakume batek erantzukizun-gune jakin batzuk lortzeko lehen aukera izatea gero eta gutxiago izatea lortu behar dugu”, nabarmendu du Garmendiak.
Bigarren urtez jarraian, eta Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko jardueren esparruan, Polizia Nazionaleko, Guardia Zibileko eta Indar Armatuetako emakumeek Gobernuaren ordezkariarekin topaketa batean parte hartu dute ostiral honetan Gasteizen, esperientziak partekatzeko eta erronka komunak aztertzeko, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko.
Naiara Anteparak (Burubide Psikologia Zentroa) Kudeaketa Emozionalari buruzko hitzaldi bat eman du, eta, ondoren, parte-hartzaileekin hitz egin da.
Polizia Nazionalean, Euskal Autonomia Erkidegoko polizien %14 emakumeak dira. Guardia Zibilari dagokionez, Euskadin lanean ari diren langile guztien %12,29 emakumezkoak dira. Eta Armadan, Euskadin dauden emakumeen portzentajea %10ekoa da gutxi gorabehera. Espainiako batez bestekoaren antzeko ehunekoak dira, baina Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako emakumeen kopuruak gora egin du azken urteetan.
Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, “oso urrats garrantzitsuak ematen ari dira Euskadiko Segurtasun Kidegoetako eta Armadako aginte-kateetan balio eta kualifikazio handiko emakumeekin, baina lanean jarraitu behar dugu presentzia hori areagotzeko, erabateko parekatzea lortu arte”, adierazi du Marisol Garmendiak.
Euskadiko Estatuko Administrazio Orokorrean dagoeneko lortu da parekatze hori, non gaur egun lanean ari diren pertsonen %64 emakumeak diren. Zuzendaritza-mailetan, emakumeen ehunekoa ia parekotasunera iristen da, % 48rekin.
Estatuko Administrazio Orokorreko emakumeen ordezkaritza zabal batek ere parte hartu zuen ostegunean Espainiako Gobernuak Gasteizen duen Ordezkaritzan egindako topaketa batean. Marisol Garmendiaren hitzetan, bizi garen gizartearen errealitatea agerian utzi zuen bilera hark. “Emakumeok jendartearen erdia ordezkatzen dugu eta justizia sozial eta demokratiko kontua da gure gaitasuna eta profesionaltasuna erabat onartzea, bizitzako edozein esparru baldintza berdinetan, lan aukera berdinekin, ordainsari berdinekin eta ardura berdinekin garatu eta zuzentzeko”. EAOko berrogeita hamar bat emakumek interes handiz erantzun zioten Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialeko Dekano Begoña Ruedak ‘Osasun mentala eta generoa. Gogoeta partekatu batzuk’.