Beatriz Arraiz Nalda Espainiako Gobernuak Errioxan duen ordezkariak Laboratorios Excell-en “Lurzoruaren osasun-egoerari heltzeko, mikrobiologikoki leheneratzeko eta agroekosistemaren jasangarritasuna sustatzeko estrategia berriak” proiektua bisitatu du gaur goizean. Proiektu hori Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren mendeko Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) diruz laguntzen du. Proiektuak, gainera, Bodegas Riojanas erakundearen parte-hartze aktiboa eta finantzaketa propioa ditu, I+G partzuergoko kide gisa.
Bisitan, Espainiako Gobernuaren ordezkariak Antonio Tomás Palacios García Laboratorios Excell Ibérica enpresako zuzendari kudeatzailea eta Elvira Zaldívar Santamaría Kalitateko eta I+Gko zuzendaria izan ditu lagun.
Zehazki, 2024ko otsailean onartu zen proiektuaren kostua 334.224 eurokoa da, eta CDTIren ekarpena %75ekoa da: 250.668 euro. CDTIren laguntza hori, alde batetik, itzuli behar ez den zati bati dagokio (% 15), eta, bestetik, itzuli behar den zati bati (laguntzaren gainerako zatia). Zati horri urtean % 3,61eko interesa aplikatuko zaio.
Proiektuaren helburu nagusia da lurzoruaren mapa holistiko bat ikertzea eta garatzea, lurzoruaren osasun-egoera aztertzeko, mikrobiologikoki leheneratzeko eta agroekosistemaren jasangarritasuna sustatzeko. Proiektua mahastizaintzako eta ardogintzako industrian aplikatuko da. Horrez gain, lurrean pestizida eta herbiziden erabilera murriztu nahi da, hondakin fitosanitarioen ingurumen-azterketa tresna gisa erabiliz, landarearen mikrobioman duten eragina ezagutzeko.
Mahastia kokatzen den lurzorua garrantzi handiko faktore iraunkorra da; izan ere, mahatsondoaren nutrizio-elementua ez ezik, habitat gisa ere jarduten du, eta ekosistemaren elementu ere bada. Lurzoruaren osasunak adierazten du mahatsondoak sostengatuko dituen bizi-ekosistema gisa funtzionatzeko duen ahalmen jarraitua. Lurzoruak behar bezala funtziona dezan lortzeko, garrantzitsua da laboreen produktibitatea eta errentagarritasuna handitzeko erabilera-praktikak erabiltzea.
Dibertsitate biologiko handieneko lurzoruek estres biotiko eta abiotiko mota desberdinei aurre egiteko eta haiek azkarrago berreskuratzeko joera dute. Lurzoru horiek, beraz, “erresilientetzat” hartzen dira, gaixotasunak ugaltzea eragozten baitute eta mahatsondoaren laborantzari babes handiagoa ematen baitiote, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko funtsezko tresna bihurtuz.
Mahastiko lurzoruen ezaugarri fisiko-kimikoak eta mikrobiologikoak sakon aztertu ondoren, horiek birsortzeko lan pertsonalizatua egiten da, errizosferaren mailan mikrobio-komunitate oparoa lortuz mantenugaiak mobilizatzeko, mikroorganismoak biltzeko eta haien arteko erlazioak ezartzeko helburuarekin, mahatsondoak faktore biotikoen eta abiotikoen aurrean babesteko mekanismo gisa (estresarekiko tolerantzia, landare-garapenaren estimulazioa, agente kutsatzaileen degradazioa…) eragindako erresistentzia sistemikoa areagotzeko.
Horretarako, proiektuaren barruan, lurzoruak leheneratzeko hainbat metodo probatzen dira, hala nola mikroalgak aplikatzea edo Bodegas Riojanas I+G partzuergoko kideak hautatutako lursailetan lurzoruaren baldintza edafoklimatikoetara egokitutako landare-estalkiak ereitea.
Proiektuaren helburu nagusitik abiatuta, bigarren mailako helburu bat sortu da: lurzoru birsortuetatik eratorritako mahatsetara egokitutako legamien ugalketa eta hartzidura optimizatzea, biderkatzaileak erabiliz, bioerreaktoreen hazkuntza-gaitasunak optimizatuz, legamia-zelulen hazkunde fisiologikoaren egoera egokia bultzatzeko, beste organismo kutsatzailerik ez dagoenean.
Laboratorios Excell 2008an sortu zen, eta ardogintzako eta nekazaritzako elikagaien industriako profesionalei aholku emateko analisia du ardatz, azken produktua kalitate-irizpide zorrotzenen mailan egon dadin beti.