- Gobernuak errekurtsoa jarriko du 20.1.b) eta 30.d) artikuluen aurka, artikulu horiek Generalitatearen eskumen propioak ematen baitizkiete udalei, itsasbazterra eta hondartzak erabiltzeko planetan aurreikusitako jarduerak baimentzeko, hala nola kirol- eta kultura-ekitaldiak
- Estatuko Administrazio Orokorraren eta Kataluniako Generalitatearen arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak negoziazioak hasi zituen, baina ez zuen lortu adostasunik
- Aurkaratzeak Estatu Kontseiluaren aldeko irizpena du; gaur amaitzen da aurkezteko epea
Ministroen Kontseiluak erabaki du konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzea Kataluniako Autonomia Erkidegoaren kostaldea babesteko eta antolatzeko 8/2020 Legearen aurka, uste baitu Kataluniako Generalitatearen eskumen propioak kaltetzen edo inbaditzen dituela eta eskumen horiek ezin zaizkiela eman udalei.
Zehazki, arauaren 20.1.b) eta 30.d) artikuluak aurkaratzeko eskatuko zaio Konstituzio Auzitegiari, artikulu horiek eskumenak ematen baitizkiete udalei, Estatuko jabari publikoaren okupazioa baimendu ahal izateko itsasbazterra eta hondartzak erabiltzeko planetan aurreikusitako jardueretarako, hala nola kirol- eta kultura-ekitaldietarako edo instalazio desmuntagarrien bidezko bestelako okupazioetarako.
Estatuko Administrazio Orokorraren eta Kataluniako Generalitatearen arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak negoziazioak hasi zituen, aurretik, eskumenen inguruan zeuden desadostasunak konpontzeko, baina ezin izan zen adostasunik lortu agindu horien inguruan.
Helegitearen oinarria da, lehenik eta behin, Espainiako Konstituzioaren 132.2 artikuluaren arabera, Estatuak eskumen esklusiboa eta osoa duela itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren gainean.
Beraz, Estatuak du bere araubide juridikoa arautzeko eskumena, bai eta itsasertzeko ingurumena babesteko oinarrizko legedia ezartzekoa ere, Espainiako Konstituzioaren 149.1.23 artikuluaren arabera.
Bestalde, Kataluniako Autonomia Estatutuak, 149. artikuluan, eskumen betearazleak ematen dizkio Kataluniako Generalitateari Estatuaren titulartasuneko itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren gainean. Horien artean daude baimenak eta emakidak ematea eta, nolanahi ere, itsasoan lan finkoak egitea, "jabari publikoaren araubide orokorra" errespetatuz. Horrek esan nahi du Estatuaren ahalei erabat lotuta daudela, araubide hori Estatuari baitagokio.
Gainera, Estatuko Kostaldeei buruzko Legearen 115. artikuluan udalen eskumen-zerrenda bat xedatzen da. Zerrenda horretan, besteak beste, honako hauek jaso ahal izango dira, lege autonomikoan aurreikusitako baldintzetan: "Hala badagokio, hondartzetan ezar daitezkeen sasoiko zerbitzuak ustiatzea...".
Hala, udalei ez zaie inoiz ere baimentzen hondartzak okupatzeko baimenak ematea, aurkaratutako Kataluniako legearen 20.1 b) eta 30 d) artikuluetan egiten den bezala.
Beraz, Konstituzio Auzitegian errekurtsoa aurkezteko baldintza formalak eta materialak betetzen dira.
Gobernuaren erabakiak Estatu Kontseiluaren aldeko aurretiazko irizpena dauka. Helegitea jartzeko epea gaur, 2021eko maiatzaren 4an, amaituko da. Bertan, gainera, aurkaratutako manuen behin-behineko etetea eskatuko dute.