Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Carolina Dariasek eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak lehen bilera egin dute ministerioaren egoitzan, aurreko legealdian egiteke geratu ziren transferentzien inguruko elkarrizketa prozesua hasteko.
Bi gobernuek Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoa martxoan deitzea adostu dute, farmazia-produktuen, eskola-aseguruaren eta EREek kaltetutako langileen erretiro arruntaren aurreko laguntzen gaineko legegintza arloko eskumenak eskualdatzeko.
Ministroak bileraren ostean jakinarazi duenez, datorren otsailaren 20an beste bilera bat egingo dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzari transferitu gabe dauden gainerako gaiekin kronograma bat zehazteko, eskumena duten ministerioekin aztertu ostean.