Nafarroako Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 15 institututako 2585 ikaslek parte hartu dute 2024/2025 ikasturtean Foru Erkidegoko Gobernuaren Ordezkaritzako Emakumeen aurkako Indarkeriaren aurkako Koordinazio Unitateak emandako 103 hitzaldi eta tailerretan. Genero indarkeria prebenitzeko eta harreman afektibo osasuntsuak eta berdintasunezkoak eraikitzeko prestakuntza-ekintzak dira.
Jarduera horiek Barne Ministerioak abian jarritako Ikastetxeetako eta haien Inguruneetako Bizikidetza eta Segurtasunaren Hobekuntzarako Plan Zuzentzailearen barruan sartzen dira. Helburua da hezkuntza-komunitatearen eta Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioa bultzatzea, ikastetxeetako ikasleei hainbat arlotan (hala nola alkohol- eta droga-kontsumoan, eskola-jazarpenean, ziberdelituetan eta bide-segurtasunean) arrisku-egoerak prebenitzeko edo detektatzeko behar dituzten ezagutzak eta tresnak emateko.
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Unitateak emandako hitzaldien kasuan, helburua da ikasleek identifikatzea emakumeen eskubideen aurkako erasoa edo erasoak eragiten dituzten jarrerak eta portaerak, baita indarkeria-zeinuak diren bikote-harremanetan sortzen diren arazoak ere, hala nola isolamendua, beste pertsona baten kontrola, autoestimuaren suntsipena, mehatxuak eta larderiak, edo bestelako erasoak.
Halaber, tailerrak egin dira pornografiara goiz iristeak dakartzan ondorio kaltegarriak ezagutzeko eta nerabeen harreman afektibo-sexualei nola eragiten dien jakiteko, bai eta emakumeen aurkako indarkeriara bultzatzen duten mezuak eta influencer misoginoak identifikatzeko ere, sare sozialetan oso zabalduta baitaude.
Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak txikitatik sentsibilizatzearen alde egiten du, emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko eta harreman afektiboetan jokabide toxikoak identifikatzen irakasteko.