Espainiak aintzat hartzen du Espainiako Gerra Zibilean Nazioarteko Brigadetako boluntarioen askatasunaren eta printzipio demokratikoen alde egindako lana.
Aitorpen hori 1996an ere adierazi zen, Espainiako nazionalitatea herritar-agiri bidez eskuratzeko eskubidea eman baitzitzaien urtarrilaren 19ko Errege Dekretuaren bidez. Hala ere, nazionalitatea bide horretatik eskuratzeko, aurrekoari uko egin behar zaio, eta, beraz, brigadista askok ez zuten espainiar nazionalitatea eskuratu.
52/2007 Legeak, Memoria Historikoaren Legea izenekoak, 18. artikuluan, berriro eta modu berezian aitortzen zuen brigadisten lana, eta espainiar nazionalitaterako eskubidea zabaltzen zuen, aurreko nazionalitateari uko egin beharraren betekizuna ezabatuz.
20/2022 Legeak, Memoria Demokratikoarenak, 33. artikuluan ezartzen du Nazioarteko Brigadetako boluntarioei espainiar nazionalitatea ematea.
- Kode Zibilaren 21.1 artikuluaren ondorioetarako, 1936tik 1939ra bitarteko Gerran parte hartu zuten Nazioarteko Brigadetako boluntarioak aparteko egoeran daudela joko da, Espainiako nazionalitatea herritar-agiri bidez eskuratzeko, eta ez zaie aplikatuko Kode Zibilaren 23.b) artikuluan eskatzen den aurreko nazionalitateari uko egiteko eskakizuna. Era berean, egoera bera izango dute brigadisten ondorengoek, baldin eta arbasoen oroimena etengabe zabaltzen dutela eta Espainian demokrazia defendatzen dutela egiaztatzen badute.
- Aurreko zenbakian aipatutako pertsonek Espainiako nazionalitatea eskuratzeko bete beharreko baldintzak eta prozedura erregelamendu bidez ezarriko dira.