- Orain arte, Gobernuaren ordezkaritzek eta ordezkariordetzek 481.969 salaketa-akta izapidetu dituzte guztira, Segurtasun Indar eta Kidegoek 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era bitartean jarritakoak
- Gaur errefortzu-plan bat jarriko da martxan, gainerako espedienteak (478.611) premiaz izapidetzen jarraitzeko.
- Izapidetutako aktetatik, 87.826 beste administrazio batzuetara bidali dira, eta 172.482 zehapenarekin ebatzi dira
- Lehen alarma-egoerako kontrolen helburua izan da COVID-19aren transmisio-kurba tolesteko eta pertsonen osasuna bermatzeko hartutako neurri mugatzaileak betetzen direla ziurtatzea
- Salaketak berrikusten eta aztertzen aritzen diren 235 langileen konpromisoa funtsezkoa izan da aurreko urteko aldi berean baino zortzi aldiz handiagoa den lan-bolumenari aurre egiteko.
Gobernuaren ordezkaritzek eta ordezkariordetzek, orain arte, guztira, 481.969 salaketa-akta (kopuru osoaren % 50,1) izapidetu dituzte Segurtasun Indar eta Kidegoek, hau da, Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak, autonomia-erkidegoetako eta tokiko kidegoek, lehen alarma-egoeran, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era bitartean.
Espainia osoan, Euskadi eta Katalunia kontuan hartu gabe, proposatu ziren lehen alarma-egoeran zirkulazioa mugatzeko neurriak ez betetzetik eratorritako 960.580 espedienteetatik erdia da.[1], Barne Ministerioaren datuen arabera.
Data horietako espediente gehienak martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren ondorio dira (errege-dekretu horren bidez, alarma-egoera deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko), zeinaren arabera dekretu horretan jasotako neurrien ez-betetzeak Herritarren Segurtasuna Babesteko Legearen bidez izapidetu behar baitziren.
Horrek esan nahi du zigor-espediente horiek Gobernuaren Ordezkaritzek eta Ordezkariordetzek izapidetu behar zituztela, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan ezik, non herritarren segurtasunaren arloko eskumenak dagozkien gobernu autonomikoei transferituta dauden.
Izapidetutako zehapen-proposamenaren 481.969 aktetatik 172.482 zehapenarekin ebatzi dira; 87.826 beste administrazio batzuetara bidali dira (autonomikoak eta tokikoak); 54.193 oraindik instrukzio-prozesuan daude; eta 11.206 artxibatu egin dira. Gainerakoek, 156.262, dagokion instruktoreak aztertu ondoren, erabaki dute, gertaerak ikusirik, ez zela bidezko zehapen-prozedura hastea hainbat arrazoirengatik.
Andaluzian (195.986) eta Madrilen (184.517) jarri dituzte salaketa espediente gehien martxoaren 14tik ekainaren 21era bitartean. Ceuta eta Melilla dira kopururik txikienak, 9.472 eta 4.199 proposamenekin, hurrenez hurren.
Alarma-egoerak iraun bitartean, kontrolen helburu nagusia izan da pertsonen osasuna babesteko hartutako neurri mugatzaileak betetzen direla bermatzea, eta, hala, transmisio-kurba tolestea eta osasun-sistemaren ahalmenarentzat arriskutsua ez den maila batean kokatzea.
Helburu hori lortu zen, datu epidemiologikoek erakutsi zuten bezala. Alarma-egoera deklaratu aurreko astean, kutsatzeen erritmoa % 35 zen, eta infektatutako pertsona bakoitzak 3 kutsatze berri inguru eragiten zituen. 2020ko apirilaren amaieran, astean % 5 kutsatzen zen; maiatzaren amaieran, % 1,5, eta ekainaren amaieran, % 1 baino gutxiago.
Bideratzeko dauden espedienteak
Gaur egun, Gobernuaren ordezkaritzek eta ordezkariordetzek izapidetzeko dauden salaketa-aktak 478.611 dira (% 49). Gaur bertan, errefortzu-programa bat jarriko da martxan, espediente horien izapideak azkartzeko, eta, hala, garaiz eta behar bezala ebazteko.
Gobernuaren Ordezkaritza eta Ordezkariordetzetako zehapen-unitateetako langileen konpromisoa ezinbestekoa izan da salaketak berrikusteko eta aztertzeko, lehen hilabeteetan beren lana egiteko zailtasunak izan zituzten arren. Guztira, 235 langile dira herrialde osoan, eta, gertaerak ikusirik, zehapen-espedientea hastea bidezkoa zen ala ez erabakitzeko ardura dute.
Aurre egin behar izan dioten gehiegizko lan-karga honako datu hauetan islatzen da:
2019an, 464.734 salaketa jaso ziren guztira Gobernuaren ordezkaritzetan, zehatzeko ahala erabiltzen den arlo guztiei buruzkoak (herritarren segurtasuna, drogak, armak, segurtasun pribatua, kiroleko indarkeria, biltzeko eskubidea eta abar). Urteko guztizkotik, 64.346 herritarren segurtasunaren arlokoak ziren.
Zifra hori ez dator bat 960.580 hiru hilabeteko epean (2020ko martxoaren 14tik ekainaren 21era arte) jarritako zehapen-aktekin, lehenengo alarma-egoeran COVID-19ari aurre egiteko neurri mugatzaileak ez betetzeari lotuta baitaude soilik. 2019ko aldi baliokidea baino 8 aldiz handiagoa da espediente-kopurua.
Bigarren alarma-egoeran, autonomia-erkidegoei dagokie zehapen-espedienteak izapidetzea.
[1] Segurtasun Indar eta Kidegoek, lehen alarma-egoeran, 1.142.127 zehapen-proposamen egin zituzten Espainia osoan, eta kopuru horri kendu behar zaizkio Euskadin eta Katalunian irekitako 181.547 espedienteak, ordezkaritza eta ordezkariordetzei dagozkien 960.580 proposamenak lortzeko.