- 2.689 mahai eta 2.802 kabina jarri dira 721 hauteslekutan EAEko 252 udalerritan
- Estatuko Administrazio Orokorrak 1.851 ordezkari izango ditu hauteskunde hauetan, jardunaldia behar bezala egitea eta datuak transmititzea bermatzeko
- Guztira, 49.898 lagunek eskatu dute posta bidezko botoa
Europako hurrengo hauteskundeak ekainaren 9an izango dira, eta 1.791.167 herritar deituko dituzte hautestontzietara, horien artean, atzerrian bizi diren 82.817 euskal herritar. Hauteskunde horiei aurre egiteko, Estatuko Administrazio Orokorrak 2.689 hautetsontzi jarriko ditu Araban (428), Bizkaian (1.403) eta Gipuzkoan (858). Boto-emaileek ia 39,5 milioi boto-paper izango dituzte eskura, beren interesen arabera egokien ikusten duten aukera politikoa aukeratu ahal izateko.
Europako Parlamenturako Hauteskunde hauetarako posta bidezko 49.898 boto eskaera jaso dira. Horietatik 28.959 Bizkaikoak dira, 14.133 Gipuzkoakoak eta 6.806 Arabakoak.
Hauteskundeetan 8.067 pertsonak hartuko dute parte mahaiko kide titular gisa (presidenteak eta mahaikideak), eta 16.134 ordezkori jarri diete hitzordua. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak zehaztu du operatibo osoa antolatzea Estatuari dagokiola, hauteskunde orokorretan gertatzen den moduan. “Estatuko Administrazio Orokorreko 1.851 ordezkarik zainduko dute eguna ondo joan dadin, eta datuak transmitituko dituzte hauteskundeetako datuak zabaltzeko. Datuen bilketa eta transmisio horren arduradunek 896 gailu mugikor izango dituzte. Horri esker, ia hauteskunde-mahai guztiak bete ahal izango dira, Gipuzkoako 22 mahai izan ezik; horietan, datuak telefonoz transmitituko dira, estaldura-arazoak direla eta”, zehaztu du Marisol Garmendiak.
Ekainaren 9ko hauteskundeek 1.520 agentek osatutako segurtasun dispositibo bat izango dute. 939 ertzain, 173 polizia nazional, 120 guardia zibil eta 288 udaltzain daude polizia-etxe horietan.
Boto egokitua
Oraingo honetarako, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako botoa egokitzeko 20 eskaera izan eta onartu dira. Herritar horiek braillieraz idatzitako boto-txartel egokiak dituen maleta bat izango dute, botoa normaltasunez eta diskrezioz eman ahal izateko.
Horrez gain, hauteskunde-mahai bateko kidea egokitzeko eskaera ere onartu dute, kasu honetan, entzumen-urritasunagatik. Pertsona horrek zeinuen itzultzaile baten laguntza izango du, horretarako kontratatua, hauteskunde-egun osoan lan egin dezan.
Emaitzak; ez 23:00ak baino lehen
Hauteskunde orokorretan ez bezala, Europako hauteskunde hauetako emaitza ofizialak ezin dira jakinarazi tartean dauden herrialde guztiek botoen zenbaketa egin arte. Hala, Espainiako emaitzak ez dira 23:00ak baino lehen jakinaraziko.
Bestalde, Barne Ministerioak mahaikide izendatu diren pertsonen eskura jarri du mahaiko eskuliburua, bertsio errazean, informazio hori eskuragarri egon dadin hala eskatzen duten guztientzat. Hauteskunde-mahaietan parte hartzeko izendatutako pertsona guztiek irakurri behar duten dokumentua da mahaiko eskuliburua; izan ere, bertan azaltzen da zein pertsonak osatzen duten hauteskunde-mahaia eta zein funtzio dituen, zein material behar den, zein arau bete behar dituzten hautesleku edo hautesleku barruan edo zein arazo sor daitezkeen. Hala, moldaketa horri esker, hobeto ulertuko dira eskuliburua eta hauteskunde-mahaietako kideek desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonei dagozkien ardurak, besteak beste. Eskuliburua deskargatzeko moduan dago jada webgune ofizialean eleccioneseuropeas2024.es, baita CEACOGen webgunean ere, Espainiako hainbat hizkuntza ofizialetan: gaztelania, katalana, valentziera, galegoa eta euskara.