Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioak 2.817.294,73 euro eman dizkio Nafarroari zuzeneko laguntzetan, urteko lehen seihilekoan garraio publikoaren deskontuak finantzatzeko. Partida horrekin, billeteei aplikatutako deskontuaren %30eraino estaliko da, eta autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek beren aurrekontuen kargura hartu beharko dute neurriaren gainerako kostua, gutxienez %20koa. Espainia osoan, 309 milioi euroko laguntzak eman dira; horietatik 211,7 autonomia-erkidegoei dagozkie, eta gainerakoak, 97,3, 133 toki-erakunderi.
Nafarroari dagokionez, Foru Gobernuak 395.447,10 euro jasotzen ditu; Iruñerriko Mankomunitateak 2.410.824,21 euro; eta Tuterako Udalak 11.023,42 euro.
Zuzeneko dirulaguntzak 2025eko lehen seihilekoan beren eskumeneko garraio publiko kolektiboko abonuen eta multibiaje-tituluen prezioa gutxienez % 50 jaitsi duten autonomia-erkidegoei, hiri autonomoei eta toki-erakundeei dagozkie. Behin-behineko ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da eta alegazioak aurkezteko epea zabalik dago.
Beherapena aplikatzearen ondorioz administrazio bakoitzak jaso ez dituen diru-sarreren proportzioan kalkulatu dira laguntza horiek. Kalkulua egiteko, tokiko eta autonomia-erkidegoetako agintariek erantzukizunpeko adierazpen bidez emandako informazioa hartu da oinarri, eta 2023an deskontudun billeteak salduta lortutako diru-sarrerekin alderatuta deskontudun billeteen salmentak izango duen fakturazioaren ehuneko zenbatetsia erabili da.
Garraio publiko kolektiboa bultzatzea
Horrez gain, Estatuko Garraio Publikorako Ministerioak dagoeneko 2025. urte osorako aplikatzen dituen deskontuak eta doakotasun-neurriak ezarri ditu. Neurri horiek 350 milioi euroko inbertsioa ekarri dute, gutxi gorabehera, lehen seihilekoan. Horrela, denbora tarte horretan, erabiltzaileek Aldiriak, Rodalies eta Media Distancia zerbitzu konbentzionalen doakotasuna eta Avant zerbitzuen %50eko beherapenak jaso ahal izan dituzte. Gainera, Estatuaren titulartasuneko autobus-lineek % 100eko hobaria izan dute erabiltzaile errepikarientzat.
Horrela, Espainiako Gobernuak apustu irmoarekin jarraitzen du, herritarren artean garraio publiko kolektiboaren erabilera sustatzeko eguneroko mugikortasunerako funtsezko ardatz gisa, garraiobide seguruagoa, jasangarriagoa, inklusiboagoa eta berdintasunezkoagoa baita.