Gizarte Segurantzak 1.729 prestazio bideratu zituen Nafarroan, jaiotza eta adingabearen zaintzagatik, aurtengo lehen hiruhilekoan. Horietatik, 760 lehen gurasoarenak izan ziren, ama normalean, eta 969, bigarren gurasoarenak. Prestazio horri lotutako gastua 15.145.378 eurokoa izan zen urtarriletik martxora bitartean.
Herrialde osoan, jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen 113.591 espediente izapidetu dira; guztira, 930,1 milioi euro. Kopuru horiek aurtengo urtarrila eta martxoa bitartean baliatutako aldiei dagozkie, eta, beraz, ez datoz guztiz bat bideratutako prestazioen kopuruarekin; izan ere, adibidez, 2024an izapidea hasi ahal izan zuten prestazioen kasuak daude, eta horietako batzuk 2025ean baliatu ahal izan zituzten.
Adingabea jaio eta zaintzeko 2025eko urtarriletik martxora bitartean aktibatuta egon diren baimenen batez besteko iraupena 110,6 egunekoa izan da; zehazki, 112,6 egunekoa emakumeentzat eta 108,9 egunekoa gizonentzat.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioak amatasun- eta aitatasun-prestazio zaharrak ordezten ditu 2021eko urtarrilaren 1etik, eta biak erabat parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke, gutxienez astebeteko aldietan.
Prestazio horien zenbatekoa erditu, adoptatu, zaindu edo hartu aurreko hileko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ordaintzen du zuzenean, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta https://prestaciones.seg-social.es/servicio/prestacion-nacimiento-adopcion-cuidado-menor.html?categoria=nacimiento-adopcion-embarazo.
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, urtarriletik martxora bitartean 484 eszedentzia eman ziren; horietatik 403 emakumeenak izan ziren eta gainerakoak, 81, gizonezkoenak. Eszedentzien kopuruak %2,81 egin du behera Nafarroan, iazko epe berarekin alderatuta. Herrialde osoan 11.930 izan ziren alta emandako eszedentziak.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.