Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) 297,3 milioi euroko behin-behineko esleipena argitaratu du, Espainian energia berriztagarrien garapen teknologiko eta industrialerako ekipoak eta funtsezko osagaiak fabrikatzeko 34 proiekturi laguntzeko. Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) RENOVAL programaren behin-behineko ebazpen-proposamena –hemen ikusgai– barnean hartzen ditu, nagusiki, hidrogeno berriztagarrirako elektrolizagailuen eta eolikorako osagaien garapena, bai eta teknologia fotovoltaikoko, baterietako eta bero-ponpako ekimenak ere.
Nafarroari dagokionez, bi dira aukeratutako proiektuak, guztira 11.134.291 euro. Horietatik, 1.138.215 euro NORDEX ELECTROLYZERSi dagozkio, Barasoainen hidrogeno berriztagarriaren arloko ekipo nagusien ekoizpenari lotutako proiektu batengatik. Eta 9.996.076 euro MCPV MANUFACTURING SPAINi esleitu zaizkio, Tuteran eguzki-energia fotovoltaikoko sistemen arloko ekipo nagusiak ekoizteko proiektu baterako.
Berreskuratze Planeko (PRTR) NextGenEU funtsez hornituta, IDAEren pizgarri-lerro horrek Espainiako energia berriztagarrien inguruko balio-kate berritzaile eta ezagutza-kate osoa sendotzen lagunduko du, bai teknologia helduetan (adibidez, eguzki-energia fotovoltaikoa eta eolikoa), bai sortzen ari diren beste batzuetan, hidrogeno berriztagarria lehen planoan jarrita. Era berean, gaitasun teknologiko eta industrial berriak garatzeko aukera emango du, energia-segurtasuna bermatzeko, gure lehiakortasuna handitzeko eta industria deskarbonizatzeko.
Karrera teknologikoa
Gaur egun, Europa zero igorpen garbiko teknologia energetikoen inportatzaile garbia da. Teknologia horiek interes geoestrategiko garrantzitsuen eta munduko lasterketa teknologikoaren erdigunean daude. Testuinguru horretan, herrialdeek ziurtatu nahi dute energia ekoizteko teknologia aurreratuenetatik etorriko dela beren hornikuntza, eta trantsizio garbia bultzatu. Munduko beste eskualde batzuk inbertsio handiak egiten ari dira, eta laguntza-neurriak hedatzen, beren ekoizpen-gaitasunak berritzeko eta indartzeko.
Espainiak, baliabide berriztagarria izateaz gain, energia berriztagarrien balio-katearen inguruko ekosistema industriala du, Europan eta munduan punta-puntakoa dena. Gure herrialdean eguzki-energiaren balio-katearen % 60 eta eolikoaren ia % 100 fabrika ditzakegu, eta esportatzaileak gara teknologia horietan. Hala ere, balio-kate horretako osagai edo elementu jakin batzuetan, Espainiak nahiz Europak hirugarren merkatuekiko mendekotasun handia dute. Horregatik, garrantzitsua da trantsizio energetikoa ez ezik, industria-gaitasun berriak ere bultzatzea, eta hori da laguntza-programa honen helburua.
Espainiak aukera hori aprobetxatu eta teknologia berriztagarrien osagaien balio-katea indartu behar du, segurtasun energetikoa bermatzeko, gure lehiakortasuna handitzeko eta industria deskarbonizatzeko. Hori guztia bat dator transformazio digitalaren eta ingurumen-transformazioaren Europako Batasunaren oinarrizko printzipioekin, RepowerEU Planarekin eta Emisio Garbirik Gabeko Industriari buruzko Legearekin (Net-Zero Industrial Act).
Laguntza-programa horrek jakinarazpen-prozesu sinplifikatu bat jaso du Europako Batzordearen aurrean, estatu-laguntzei buruzko krisi- eta trantsizio-garaian kokatu baita, Europar Batasunak Ukrainaren aurkako Errusiaren erasoari emandako erantzunaren eta trantsizio energetikoaren inguruko testuinguru geopolitiko berriaren barruan.
PERTE ERHA indartzea
Programa hau PRTRren kargura finantzatzen da, REPowerEU osagaiaren barruan, 2023ko urrian sartua. Ordainketa gehigarri horri esker, ERHA (Energia Berriztagarriak, Hidrogeno Berriztagarria eta Biltegiratzea) indartu da, eta hor kokatzen da laguntza-lerro hori. Indartze-jarduera horiei esker, trantsizio energetikoa hedatzeaz gain, teknologiak edota soluzioak Espainian diseinatu eta fabrikatu ahal izango dira.