Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Alicia Echeverriak gaur, hedabide bati egindako adierazpenetan, gogorarazi du Tuterako Udalak ikasgela digitalizatu bat izan behar duela gidatzeko azterketa teorikoak egiteko, baldin eta DGTren zentro desplazatu gisa jarraitu nahi badu. Esan duenez, laster, bideoak sartuko dituzte azterketa horietan, eta, ondorioz, beharrezkoa izango da ikasgeletan ekipo informatikoak izatea.
Hori dela eta, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak hitzarmen tipo bat egin du, eta dagoeneko herrialdeko beste herri batzuk sinatzen ari dira, Tutera kasu, azterketak egiteko lekualdatutako zentroak dituztenak. Hitzarmen horren arabera, udal bakoitzak hainbat konpromiso hartzen ditu, besteak beste, sinatu eta gehienez 12 hilabeteko epean gela egokitzea eta horrek sortzen dituen gastuak bere gain hartzea.
Bestalde, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak hitz ematen du, orain arte bezala, gidabaimena edo gidalizentzia lortzeko proba teorikoak egingo dituela udalak gaitutako azterketa-zentroan. Beharrezko aholkularitza tekniko eta informatikoa emateko, instalazio eta ekipo informatikoak egoki erabiltzeko edota udal eta segurtasun langileekin elkarlanean aritzeko konpromisoa ere hartzen du.
“Hitzarmen horretan bi aldeek hartzen dituzte beren ardurak”, azaldu du Echeverríak, eta adierazi du DGTk urtero 50.000 euro inguru bideratzen dituela aztertzaileak Tuterara joan daitezen eta probak egin ditzaten.
Gobernuaren ordezkariak gogorarazi du, halaber, DGTk ez duela finantzatzen eta ez duela finantzatu dagoeneko hitzarmena sinatu duten lekualdatutako zentroen digitalizazioa. Eta ez ditu baloratzen, ezta ere, udal bakoitzak obrak ordaintzeko erabil ditzakeen finantzazio-iturriak.
Bestalde, Echeverriak lasaitasun mezua helarazi die autoeskolei. “DGTk zentroa lekualdatuta mantentzearen alde egiten du eta akordiorako tartea dago, baina borondatea egon behar du Tuterako Udalaren aldetik”, adierazi du. Gainera, argitu du azterketen kopurua ez dagoela arriskuan, konpromisoa autoeskoletako proba teorikoen eskaera guztiei erantzutea baita, orain arte egin den bezala.
“Kontua da udalak bere erantzukizuna bere gain hartzea, zentro desplazatu gisa, konfrontazioa bilatu beharrean”, adierazi du Alicia Echeverriak, eta uste du Udala “funtzioak alde batera uzten” ari dela gai honetan.