Gizarte Segurantzak 7.076 prestazio bideratu zituen Nafarroan iaz, adingabea jaio eta zaintzeagatik. Horietatik, 3.218 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 3.858 bigarren gurasoarenak. 2024an, prestazio horren gastua 60.569.143 eurokoa izan zen.
Herrialde osoan, jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen 471.644 espediente izapidetu dira; guztira, 3.613 milioi euro.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioen batez besteko iraupena, 2024ko urtarriletik abendura, 102,7 egunekoa izan da emakumeentzat eta 92,5 egunekoa gizonentzat.
Kopuru horiek kudeatutako espediente kopuruari dagozkio, ez hartzaile kopuruari, prestazioa asteka har baitaiteke, eta horietako bat hasten den bakoitzean kontabilizatzen da.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituena, 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean, eta bien arteko erabateko parekatzea dakar. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke.
Prestazio horien zenbatekoa erditze, adopzio, zaintza edo harreragatiko atsedenaldia hasi aurreko hilabetearen aurreko hileko kontingentzia arruntengatiko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) zuzenean ordaintzen du, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta https://prestaciones.seg-social.es/servicio/prestacion-nacimiento-adopcion-cuidado-menor.html?categoria=nacimiento-adopcion-embarazo. Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, 2024an alta emandako eszedentzien kopurua 2.186 izan zen; horietatik 1.829 emakumeenak izan ziren eta gainerakoak, 357, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua ehuneko 3,41 igo da aurreko urtearekin alderatuta. Estatuan, guztira, 53.471 lan-utzialdi erregistratu ziren.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.