Gizarte Segurantzak 3.503 prestazio bideratu ditu Nafarroan, adingabea jaio eta zaintzeagatik, urteko lehen seihilekoan. Horietatik, 1.640 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 1.863, bigarren gurasoarenak. Prestazio horretan 29.330.994 euro gastatu ziren urtarrila eta ekaina bitartean.
Herrialde osoan, 234.801 prestazio-espediente izapidetu dira adingabea jaio eta zaintzeagatik; guztira, 1.779,8 milioi euro.
Kopuru horiek kudeatutako espediente kopuruari dagozkio, ez hartzaile kopuruari, prestazioa asteka har baitaiteke, eta horietako bat hasten den bakoitzean kontabilizatzen da.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa bi gurasoen eskubide indibidual eta besterenezina da. Amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu eta parekatu egin zituen. Gaur egun, baimena 16 astekoa da, eta horietatik sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke, haurrak urtebete egin baino lehen.
Prestazio horien zenbatekoa erditu, adoptatu, zaindu edo hartu aurreko hileko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ordaintzen du zuzenean, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta hauen bidez: https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html.
jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea erabakitzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, urteko lehen seihilekoan alta emandako eszedentzien kopurua 1.005ekoa da; horietatik 847 emakumeenak izan ziren eta gainerakoak, 158, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua ehuneko 9,6 igo da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Estatuan, guztira, 23.948 eszedentzia eman ziren.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.