Foru Erkidegoko zazpi aretok bat egin dute Kultura Ministerioak bigarren urtez abian jarri duen “Cine Sénior” programarekin. Hauek dira: Lizarrako Multicines Los Llanos; Iruñeko Golem Bayona eta Yamaguchi; Cordovillako Golem La Morea; Uharteko Yelmo Cines Itaroa; Tuterako Ocine; eta Vianako Multicines Las Cañas. Espainia osoan 420 erakusketa-gunek egin dute bat ekimenarekin.
Dagoeneko martxan dagoen egitarauari esker, 65 urte edo gehiagoko pertsonak astearteetan zinemara joan daitezke 2 euroko prezio murriztuan. Lehenengo edizioarekin alderatuta, nobedade gisa, sarrerak aretoetako leihatiletan zein baliabide elektronikoen bidez eros daitezke.
Neurriaren jarraipena bat dator lehen edizioko emaitza onekin, bai eta Kultura Ministerioak erabakitakoarekin ere, erakusketa-aretoek kultura-aniztasunaren zabalkundearen funtsezko eragile gisa duten jarduera bermatzeagatik, adin-tarte horretako pertsonen aretoetara bertaratzea berreskuratuz.
Diru-laguntza horiek finantzatzeko gehienez 12 milioi euro bideratuko dira 2024an, lehen deialdian baino %20 gehiago. Zenbateko horretatik, gehienez 10 milioi euro onuradunei emango zaizkie, eta gehienez 1,75 milioi euro erreserbatuko dira aurreikusitakoa baino gehiago gauzatzearen ondorioz emandako laguntza handitzeko egon daitezkeen beharrei erantzuteko.
FECE Espainiako Zinemen Federazioak emandako datuen arabera, joan den kanpainan zehar, asteartean izan zen zinemara jende gehien joan zen asteko eguna. Zehazki, %50 inguru hazi zen aurreko urteko aldi bereko astearteen aldean: 2022an astearteetan guztira 2,7 milioi ikusle izatetik, 2023an astearteetan guztira 4 milioi ikusle izatera igaro zen. Uztailetik abendura bitartean, 924.724 ikusle senior bertaratu ziren, saldutako sarrera guztien %25,5.