Gizarte Segurantzak 6.743 prestazio bideratu zituen Nafarroan 2023an, adingabea jaio eta zaintzeagatik. Horietatik, 3.127 lehen gurasoarenak izan ziren, normalean amarenak, eta 3.616 bigarren gurasoarenak. Urtarriletik abendura, prestazio horren gastua 55.484.482 eurokoa izan zen.
Herrialde osoan, jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko 467.678 prestazio izapidetu ziren iaz, guztira 3.423 milioi eurorekin.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituena, 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean eta biak erabat parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke.
Prestazio horien zenbatekoa erditzearen, adopzioaren, zaintzaren edo harreraren aurreko hileko gertakizun arruntengatiko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) zuzenean ordaintzen du, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta formularioaren bidez, helbidean https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, 2023an alta emandako eszedentzien kopurua 2.114koa izan zen; horietatik 1.778 emakumeenak izan ziren eta gainerakoak, 336, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua %13,78 igo da aurreko urtearekin alderatuta. Herrialde osoan 54.796 izan ziren alta emandako eszedentziak.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.