Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Koordinazio Unitateak Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko seigarren jardunaldia egin du gaur, Iruñeko Planetarioan, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldien barruan. Nafarroako jarduneko Gobernuaren ordezkariak ireki duen gazteen arteko indarkeria sexualari buruzko jardunaldia izan da.
Valentin Velascok adierazi duenez, sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu ezagunek gora egin badute ere, poliziaren eraginkortasun maila handia duten delituak dira. Hala, 2021ean horien ehuneko 81,2 argitu ziren, Barne Ministerioaren datuen arabera.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan egin duen eta egiten jarraitzen duen lan “bizia” nabarmendu du, manifestazio guztietan. Beste neurri batzuen artean, nabarmendu du “Espainia Planak indarkeria matxistaren aurka babesten zaitu” martxan jarri izana, 153,4 milioi euroz hornitua, zeinaren helburua baita emakumeen aurkako indarkeria mota guztien biktima potentzial guztiei arreta integraleko zerbitzuak zabaltzea eta eskuragarri egitea. Plan horren barruan, 24 orduko krisi-zentroak sortzea eta irekitzea aurreikusten da, sexu-indarkeriatik bizirik atera diren emakumeei eta biktimei zuzenduak, eta, Iruñeari dagokionez, datorren urtearen hasieran irekiko ditu ateak.
Sexu-indarkeria eta gazteak: Eta, orain, zer?
Jardunaldiko lehenengo hitzaldia Lydia Delicado Giza eta Hezkuntza Zientzietan doktoreak eman du. Gizarte digitaleko kultura-hipersexualizazioaz, pornografiaz eta sexu-indarkeriaz hitz egin du. Industria kulturalek emakumearen ideia jakin bat baino ez dutela sustatzen nabarmendu du, ez askotariko ideia bat, eta sexualizazioan eta gorputzaren merkantilizazioan oinarritutako ideia da. Emakumea deshumanizazioa sortzen duen objektu sexualaren posizio batetik kokatzen da. Gauza bera gertatzen da, esan du, pornografiatik eratorritako edukiekin, sexu-erasokortasuna normalizatu eta indarkeria legitimatzen duen mezua helarazten baitu.
Bestalde, Antonio Andrés Pueyo Psikologiako katedradunak pederastiaz, pedofiliaz eta adingabeen aurkako sexu-indarkeria arriskuaz hausnartu du. Egungo gizarteak, dio, inoiz baino indarkeria gutxiago dauka baina hau oso kezkagarria da. Elementu positibo gisa, indarkeria sexuala agenda sozialaren gero eta parte handiagoa dela uste du, baina bigarren mailako prebentzioa deiturikoan aurrera egitea beharrezkoa dela uste du, bere zigorrak bete dituzten pertsonengandik –adibidez, pederastiagatik– eratorritako arrisku kasuetan. Sexu-delituaren prebentzioa biktiman ez ezik, erasotzailearengan eta haren ingurunean ere oinarritu behar dela uste du.
José Manuel Muñoz auzitegiko psikologoak sexu-abusuak jasan dituzten adingabeen aurretiazko probaz, balorazioaz eta testigantzaren sinesgarritasunaz hitz egin du. Biktimen testigantza sexu indarkerian funtsezkoa dela adierazi du, eta kasu hauetan frogabide garrantzitsuena dela. Era berean, auzitegiko txosten psikologikoak ere eragin handia du kasu horietan.
Sexu-erasotzaileekin espetxean eta anbulatorioan egin beharreko tratamenduari eta esku-hartzeari buruz hausnartu du Josean Echaurik. Psikologian doktorea da Echauri, eta PSIMAEko (Auzitegiko eta Lege Psikologiako Institutua) bazkide sortzailea. Sexu-erasotzailearen profil bakarra ez dagoela azaldu du. Badira, ordea, espezializatu gabeko erasotzaile sexual berrerorleak, erasotzaile berrerorle espezializatuak, eta berrerortzen ez diren erasotzaile sexualak, talderik ugariena osatzen dutenak. Mota horietako bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu. Erasotzaileekin esku hartzeko hainbat eredu daudela adierazi du Echaurik, eta tratamenduak barne hartzen ditu ebaluazioa, banakako terapia, talde terapia eta jarraipen fasea. Prozesuak bi urte inguru irauten du, eta jokabidean, kogonitiboan, emozionalean eta sexualean esku hartzen da. Tratamendua jasotzen duten erasotzaile gehienek ez dute berriro erasotzen, nabarmendu du.
Jardunaldia amaitzeko, Juana Azcárate psikologoak adingabeekin lan egiten duten erakundeen barruan sexu-indarkeria kasuek duten tratamenduari buruz hitz egin du. Abusu horien berri ematen denean biktimaren testigantzaren sinesgarritasuna zalantzan ez jartzearen garrantzia nabarmendu du.