Gizarte Segurantzak jaiotzagatik eta adingabea zaintzeagatik 3.298 prestazio bideratu ditu Nafarroan 2023ko lehen seihilekoan. Horietatik, 1.502 lehen gurasoarenak dira, ama normalean, eta 1.796, bigarren gurasoarenak. Urtarriletik ekainera, prestazio horren gastua 26.689.981 eurokoa izan da.
Herrialde osoan, 231.775 prestazio izapidetu dira jaiotza eta adingabearen zaintzagatik; guztira, 1.678,5 milioi euro.
Jaiotza eta adingabearen zaintzagatiko prestazioa, amatasun eta aitatasun prestazio zaharrak ordezkatu zituena, 2021eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean eta biak erabat parekatzea ekarri du. Gaur egun, baimena 16 astekoa da bi gurasoentzat, eta eskubide indibidual eta besterenezin gisa aitortzen da. 16 aste horietatik, sei erditu edo ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala hartu behar dira, adopzio, zaintza edo harrera kasuetan. Gainerako denbora ondoz ondoko aldietan har daiteke.
Prestazio horien zenbatekoa erditzearen, adopzioaren, zaintzaren edo harreraren aurreko hileko gertakizun arruntengatiko kotizazio-oinarriaren baliokidea da, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) zuzenean ordaintzen du, baimenak irauten duen asteetan.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak jaiotzagatiko prestazioa modu telematikoan eskatzeko aukera ematen du, Zure Gizarte Segurantza atariaren bidez (https://sede.seg-social.gob.es/) eta formularioaren bidez, helbidean https://tramites.seg-social.es/acceso/prestacion-nacimiento-cuidado-menor.html
Jaiotza edo adingabearen zaintzagatiko atsedenaldi jarraituak ere telematikoki eska daitezke, gurasoek aldia zatitzea aukeratzen badute.
Seme/alaba, harrerako adingabe edo familiartekoren bat zaintzeko eszedentzia
Bestalde, lehen seihilekoan Nafarroan alta emandako eszedentzien kopurua 917koa izan da; horietatik 797 emakumeenak izan dira eta gainerakoak, 120, gizonezkoenak. Eszedentzien kopurua %33,28 igo da, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Estatuan, guztira, 24.942 eszedentzia eman dira.
Langileek eszedentzia eska dezakete seme-alabak edo etxean hartutako adingabeak zaintzeko edo beste senide batzuk zaintzeko. Seme-alaba bat edo hartutako adingabe bat zaintzeko eszedentziaren lehenengo hiru urteak kotizazio-aldi eraginkortzat hartuko dira, Gizarte Segurantzaren prestazioen ondorioetarako, erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, amatasunagatik eta aitatasunagatik. Halaber, benetan kotizatutzat joko da, prestazio horien ondorioetarako, beste senide batzuk zaintzeko eszedentziako lehenengo urtea.