Kontsumoko Arbitraje Sistemak kudeatutako kasuen % 90 behar bezala konpontzen dira kontsumitzaileentzat. Doako zerbitzu publikoa da, eta, judizioz kanpo, kontsumitzaileen eta enpresen arteko gatazkak konpontzen laguntzen du. Gaur egun, 100.000 enpresa baino gehiago daude borondatez Kontsumoko Arbitraje Sistemari atxikita.
Nafarroan, berriz, 272 arbitraje eskaera jaso dituzte 2022an. Guztira, Espainian, epe berean, 72.000 arbitraje-eskaera baino gehiago aurkeztu ziren, aurreko ekitaldian baino % 63 gehiago, gehienak oinarrizko zerbitzuekin (energia, gasa edo ura), telekomunikazioekin (Internet, telefonia…) edo kontsumo-ondasunekin (elikagaiak edo edariak, etxetresna elektrikoak, altzariak…) lotuta.
Espainian Kontsumoko 60 Arbitraje Batzorde daude, eskualdekoak, probintziakoak edo udalerrikoak. Bi baldintza bete behar dira horietako batek ardura har dezan: eztabaida ez dadila intoxikazioen, lesioen, heriotzen edo delitu-zantzu arrazionalen ingurukoa izan; eta enpresak arbitrajea onar dezala, dela gatazka sortu aurretik arbitraje-sistemari atxikitzeko eskaintza eginez, dela gatazka zehatz bat onartuz.
Atari berria: Arbitrajeak nola funtzionatzen duen
Kontsumitzaileentzat egokiak diren ebazpenen kopuruak gora egin dezan eta herritarrek tresna publiko horren berri izan dezaten, Alberto Garzón buru duen ministerioak atari hau sortu du: justoparaeso.consumo.gob.es. Web orriaren bidez, kontsumitzaileek Kontsumoko Arbitraje Sistemaren abantailak ezagutu ahal izango dituzte, gertuen dagoen Arbitraje Batzordea aurkitu edo arbitraje-eskaeraren formularioa deskargatu, besteak beste.
Kontsumoko Arbitraje Sistemak kontsumitzaile eta enpresen artean arbitraje-prozesu bati ekiteko aukera ematen du, erreklamazio baten ondoren akordiorik lortu ez badute.
Horrela, bi alderdiek gatazka inpartzialtasunez eta independentziaz konpontzeko agintzen diote arbitraje batzorde bati (normalean, hiritar bakoitzari bere helbidearen arabera dagokiona).
Horretarako, kontsumitzaileak, arbitraje-eskaerarekin batera, erreklamazioaren xedea egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu behar ditu (kontratua, fakturak, aurrekontuak, egindako ordainketak…).
Dagokion arbitraje batzordearen erabakia, laudoa izenez ezagutzen dena, loteslea da bi alderdientzat eta epai baten eraginkortasun bera du, baina bide judizialera iritsi beharrik gabe.
Gainera, erabaki azkarra da. Laudoa emateko epea 90 egunekoa da arbitraje-prozedura hasten denetik, jarduketak amaitu ondoren, eta epe hori ezin izango da luzatu bi hilabete baino gehiago.
Hala, Kontsumo Ministerioak bermatzen die herritarrei zerbitzu publiko bat eskura izatea, doan eta modu eraginkorrean, enpresekin dituzten kontsumo-harremanetan sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko.