Nafarroak 177.142,56 kilo elikagai jaso ditu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriotik, “Pertsona behartsuenei elikadura laguntza emateko 2023 Programaren” lehen fasearen baitan. Elikagai horien balioa 292.937,62 eurokoa da. Espainia osoan 15 milioi kilo banatu dira Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren (FEGA) bidez. Kopuru hori aurten banatu beharreko guztiaren %30 da, gutxi gorabehera, eta bigarren fasea datorren irailean hasiko da.
Erositako elikagaiak oinarrizkoak dira, askotarikoak, nutritiboak, ez oso galkorrak, erraz garraiatu eta biltegiratzekoak. Horrela, saskian hainbat elikagai sartzen dira, hala nola arroza, garbantzu egosiak, kontserbako atuna, janari-pasta (espagetiak eta fideoak), tomate frijitua, gailetak, barazki-mazedonia, kakao disolbagarria edo haurrentzako fruta eta oilasko potetxoak.
Produktu horiek Nafarroako Elikagaien Bankuaren eta Gurutze Gorriaren bitartez banatuko dira. Erakunde horiek banaketan elkartutako 86 erakunderen artean banatuko dituzte elikagaiak, eta horrela, Foru Erkidegoko 22.005 pertsona onuradunek erraz prestatu ahal izango dute pertsona edo familia batentzako otordu oso bat, haurtxoak barne.
Programa honetarako elikagaiak 88.571.420 milioi euroko (BEZik gabe) lizitazio publikoko bi prozesuren bidez erosi dira, REACT-EB suspertze eta erresilientzia funtsak osorik finantzatuta. Funts hori erabili da Europako Laguntza Funtsari (FEAD) ematen zaion laguntza handitzeko, COVID-19aren krisiak gehien kaltetu dituenei laguntzeko.
FEGAren web orrian kontsulta daitezke “Pertsona behartsuenei elikadura laguntza emateko 2023 Programa” abian jartzeari buruzko xehetasun guztiak.