Nafarroak guztira 13.760.723,41 euro jasoko ditu 2023an Hezkuntza eta LH Ministeriotik, langileen prestakuntzarako. Hala erabaki da Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Konferentzia Sektorialean, non autonomia-erkidegoen artean 978,8 milioi euro baino gehiago banatzea erabaki baita. Horrez gain, Lanbide Heziketako irakaskuntzak antolatzeko Errege Dekretuaren proiektuari heldu zaio.
Alde batetik, autonomia-erkidegoek baimena eman dute Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren aurrekontuetatik datozen 867,3 milioi euro inguru (867.284.490) langileen, enplegatuen eta langabeen prestakuntzarako banatzeko, hau da, ia 21 milioi euro gehiago aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Horren barruan, 12.058.220,48 euro jasoko ditu Nafarroak.
Halaber, 111,5 milioi euro (111.542.000 euro) banatzea ere onartu dute, langileen kualifikazioa eta birkualifikazioa lortzeko, 2022an baino ia ehuneko 30 gehiago. Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planetik datozen funtsak dira, eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aipatutako 30 eta 60 orduko prestakuntza-moduluetan oinarritutako prestakuntza-ekintzak garatzeko balioko dute. Kasu horretan, Foru Erkidegoak 1.702.502,93 euro jasoko ditu.
Bestalde, autonomia-erkidegoek Lanbide Heziketa antolatzeko errege-dekretuaren zirriborroa aztertu dute. Errege-dekretu horrek sistema malgutzen du herritar guztiei Lanbide Heziketarako sarbidea errazteko, enplegagarritasuna hobetzeko eta produkzio-sektoreetako profesional espezializatuen eskaera handiari erantzuteko. Horrela, 2022ko martxoan onartutako Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko Lege Organikoa osorik ezartzea ahalbidetuko du.
Testuak argi berdea ematen dio hainbat tipologiatako eta iraupenetako askotariko prestakuntza-eskaintzak sortzeari, pertsona bakoitzaren beharretara egokituak. Horiek guztiak Lanbide Heziketako sistemaren barruan baliozkoak izango dira, egiaztagarriak izango dira, eta langileen prestakuntza-ibilbidean gehitzen joango dira. Sistema berriak bermatuko du prestakuntza-eskaintza osoa banakako edo taldekako moduluetan ere eskaini ahal izatea, eta, hala, prestakuntza-aukera ugari irekiko dira.