Batez besteko erretiro-pentsioa 1.540,22 eurokoa da Nafarroan. Iazko datuekin alderatuta, 120,66 euroko igoera da, Espainiako Gobernuak onartutako pentsioen erosteko ahalmena bermatzeko 20/2021 Legean ezarritako formularen arabera %8,5eko errebalorizazioa egin ostean. Igoera 283,92 eurokoa izan da 2018koarekin alderatuta (%22,6), batez besteko erretiroa 1.256,30 eurokoa zenean. Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren datuak dira.
Ehuneko 8,5eko igoerak mesede egiten die kotizaziopeko pentsioa jasotzen duten 142.045 nafarrei. Horietatik gehienak, 97.302, erretiro-pentsioei dagozkie.
Gobernuaren ordezkariak gogorarazi duenez, aurreko exekutiboaren erreformari eutsi izan balitzaio –ehuneko 0,25eko igoera aurreikusten zuen–, Foru Erkidegoko batez besteko erretiro-pentsioaren igoera 3,17 eurokoa izango zen aurten, eta 15,78 eurokoa 2018tik.
Gobernu zentralak pentsioen errebalorizazioarekin duen konpromisoa nabarmendu du Jose Luis Arastik, erosteko ahalmenaren bermea baita eta “pentsio publiko bat izateko eskubidearen berezko zatia”. Gobernuaren ordezkariak adierazi duenez, “presioak presio, Gobernu honen konpromiso hautsezina da, kotizatu dutenekiko eta beren ahaleginarekin bat datorren babesa merezi dutenekiko elkartasunaren adierazpena”.
%8,5eko errebalorizazioaren kostua 13.600 milioi eurokoa da 2023 osorako. Kotizazio gabeko pentsioen eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren %15eko igoera gehituz gero, kopuru hori 14.500 milioi eurokoa da.
Ziurtasuna ematea zalantzazko garaietan
Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, pentsioak handitzeak ziurtasuna ematen die pentsiodunei, inflazio handiko eta nazioarteko ziurgabetasun handiko une honetan, Ukrainako gerraren ondorioz, haien erosteko ahalmena bermatuta ikusten dutelako. “Alderdi Popularraren formularekin, igoera %0,25 eskasa izango zen, 48 euro urtean batez beste, gaur egungo 1.500 euro baino gehiagoren aldean, eta horrek pentsiodunentzako baliabide galera handia ekarriko zukeen”, adierazi du Arastik.
Bere ustez, gainera, egungo erreforma positiboa da guztiontzat: egungo pentsiodunek erosteko ahalmenari eusten diote, eta etorkizuneko pentsiodunek konfiantza dute beren pentsioek sistema indartsu baten babesa izango dutela, prezioen igoeretatik babestutako diru-sarrerak bermatzen dituena. “Horrela, gizarte kohesioa eta belaunaldien arteko elkartasun printzipioa indartzen da”, dio Gobernuaren ordezkariak.
Sistemaren saneamenduarekin bateragarria den neurri bat
Jose Luis Arastik azpimarratu duenez, “Espainiako Gobernu honi esker, erosteko ahalmenari eustea pentsiodunen eskubide hautsezina da orain”. Gogoratu du, gainera, errebalorizazioak ahalik eta zilegitasun sozial eta politiko handiena duela, Toledoko Itunaren gomendioen eta 2021eko solaskide sozialekin lortutako akordio handiaren ostean.
Gainera, ziurtatu du bateragarria dela Pentsio Sistema Publikoaren kontuak indartzearekin; izan ere, enpleguaren kalitatea babesteko eta hobetzeko neurriek, besteak beste lan-erreformak bultzatutakoek, diru-sarrerak hobetzen eta aurrekontu-orekarantz aurrera egiten ari dira. Izan ere, aurten gizarte kotizazioengatik errekorra izango duen diru-sarrera bat dago aurreikusita, BPG osoaren %10,9 izatera iritsiko dena. Gizarte Segurantzaren defizita, 2018an Barne Produktu Gordinaren ehuneko 1,6koa zena, aurten, ziur aski, %0,5 inguruan amaituko da.