Espainiako Gobernuak Galizian duen ordezkariak, Pedro Blancok, eta Beatriz Sestayo Atlantikoko Enpresa Lurzoruko (SEA) gerenteak, Galizian enplegua eta garapen ekonomikoa sortzeko Estatuko gizarteak garatutako estrategiaren emaitzak aztertu dituzte gaur. Izan ere, lau urtean, 70 enpresa baino gehiago bildu dituzte hango industrialdeek.
Atlantikoko Enpresa Lurzoruak, SEPESen bidez Garraio Ministerioaren mende % 83,44an dagoen sozietateak, Galizian kudeatzen dituen 4 milioi lurzoru industrialen bidez 2.000 lanpostu inguru sortzea sustatu du 2019tik, enpresek berek emandako datuen arabera.
2019tik, SEAk 20 milioi euroko inbertsioa erakarri du, lurzoruan soilik, eta, hala, enpresa-eremu batzuk bete-betean okupatzen lagundu du, hala nola A Pobra do Caramiñal, Monforte de Lemos, Rianxo edo Rábade, enpresa berrien kokaleku diren eskualdeen hazkundea sendotuz.
Bileran, bat etorri dira Gobernu zentralak Galiziako enpleguarekin eta industriarekin duen konpromisoa balioestean. Horren erakusgarri dira SEAk bultzatutako neurriak; hamar urtean lehen aldiz, industria-lurzoru berria garatzen hasi da (Cuntis, Monforte, A Laracha), egungo enpresa-eskaerari erantzuteko eta eskualde horien garapen ekonomikoari laguntzeko.
Enpresa-parke berriak
Beatriz Sestayok Gobernuaren ordezkariari SEAk datozen hilabeteetarako dituen aurreikuspenen berri eman dio; besteak beste, Cuntis (Pontevedra) industrialdearen Jarraipen Batzordea martxan jartzea. Industrialde horrek 325.635 metro koadroko azalera izango du, eta Vigoko Zona Franca Partzuergoarekin batera gauzatuko da.
Estrategia horretan bertan, administrazioak proaktiboak, hurbilekoak eta gizartean presentzia dutenak izatearen garrantzia azpimarratzen da, eta SEAk A Laracha (Coruña) eta Monforte de Lemos (Lugo) industrialdeak handitzea onartu du.
Bi kasuetan, azken lau urteotan egindako gestioei esker, enpresa garrantzitsuak erakarri dira, eta enpresa horiek eskualde horietan zentralizatu dute beren jarduera.
Gainera, SEAk “Parque SEA Futuro” proiektua jarriko du martxan. Proiektu horretan, dauden parkeak hobetzeko plangintza- eta egikaritze-neurriak hartzen dira, jarduera berrien ezaugarrietara egokitzeko: humanizazioa, konektagarritasuna, teknologizazioa eta erantzukizun soziala.
Helburua da enpresa-parke jasangarriak sortzea, gure inguruneen eta Galiziaren oparotasunari lagunduko diotenak, berdeguneekin, bizikleta-erreiekin, energia jasangarriekin, bateragarritasunerako eta teknologia berrietarako espazioekin.