Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du ibilbide luzeko 701.720 joan-etorri egingo direla Valentziako Erkidegoaren eragin-eremuan. Estatu osoko %10,6 da, eta Konstituzio-Inmaculada 2024 operazio berezian espero da. Madriletik eta penintsularen erdialdeko probintzietatik datorren turismo-trafikoaren zati handi bat Valentziako Erkidegora bideratzen da.
Trafiko operazio berezi honetan, trafikoa arautu, antolatu eta zaintzeko neurriak abenduaren 5ean (osteguna) hasiko dira, 16:00etan, eta igande gauerdian (abenduak 8) amaituko dira. Denbora-tarte horretan, ibilgailuen mugimendu handia izango da Espainiako bide-sare osoan, eta ibilbide luzeko eta laburreko joan-etorriak egingo dira. Joan-etorri horiek eragin nabarmena izango dute neguko kirolak egiteko mendietara, atsedenerako turismo-guneetara eta bigarren bizilekuetara doazen errepideetan.
Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkari Pilar Bernabék dei egin die gidariei, “kontu handiz ibiltzeko eta zirkulazio araudia errespetatzeko”. Bernabék gogorarazi duenez, “funtsezkoa da arreta galtzea saihestea, telefono mugikorra ez erabiltzea, segurtasun-uhala jarrita eramatea eta adingabeak ongi ainguratuta egotea haurrak atxikitzeko sistemetan. Gainera, hil ala bizikoa da bidean ezarritako abiadura errespetatzea eta bidearen baldintzetara egokitzea eta, noski, alkoholik edo bestelako drogarik hartu bada, ez gidatzea”.
ZIRKULAZIO-AURREIKUSPENAK ETA NEURRIAK
DGTk gogorarazi du hirigune handien irteera bi fasetan egingo dela: lehenengoa, ostegun arratsaldean (hilak 5), eta bigarrena, ostiral goizean (hilak 6). Bestalde, itzulera azken egunean zentratuta egongo da, abenduaren 8an.
Egun horietan, bidaiatzeko ordurik okerrenak 16:00etatik 21:00etara (osteguna, hilak 5), 10:00etatik 14:00etara (ostirala, hilak 6) eta 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara (igandea, hilak 8) izango dira.
Guardia Zibilaren Trafiko Taldeko agenteek arreta berezia jarriko dute trafikoaren gorabeheretan, arintasun eta segurtasun handiagoa lortzeko. Horrez gain, gune gatazkatsuenetan zirkulazioa errazteko, DGTk aurreikusi du, besteak beste, errepideetako lanak geldiaraztea eta kamioien zirkulazioa murriztea, tarte, data eta ordu jakin batzuetan salgai jakin batzuk garraiatzen dituztenak barne.