· Trafikoa arautu, antolatu eta zaintzeko neurriak abenduaren 5ean (asteartea) hasiko dira, 15:00etatik abenduaren 10eko 24:00ak arte.
· Gobernuaren ordezkariak arreta handiz gidatzeko eta zirkulazio araudia errespetatzeko deia egin die gidariei
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak aurreikusi du ibilbide luzeko 1.421.606 joan-etorri egingo direla Valentziako Erkidegoaren eragin-eremuan, Espainiako joan-etorrien % 13, abenduko zubiaren operazio berezian. Madriletik eta penintsularen erdialdeko probintzietatik datorren turismo-trafikoaren zati handi bat Valentziako Erkidegora bideratzen da. Trafiko operazio berezian, trafikoa arautu, antolatu eta zaintzeko neurriak asteartean, abenduaren 5ean, hasiko dira, 15:00etan, igandeko, abenduaren 10eko, gauerdira arte.
Denbora-tarte horretan, ibilgailuen mugimendu handia izango da Espainiako bide-sare osoan, eta ibilbide luzeko eta laburreko joan-etorriak egingo dira. Joan-etorri horiek eragin nabarmena izango dute neguko kirolak egiteko mendi-eremuetara doazen errepideetan. Beste helmuga batzuk atseden gune turistikoak eta bigarren egoitzakoak ere izango dira.
Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkari Pilar Bernabék dei egin die gidariei, “kontu handiz ibiltzeko eta zirkulazio araudia errespetatzeko”. Bernabék gogora ekarri duenez, “funtsezkoa da distrakzioak saihestea, mugikorra hegazkin moduan jarrita, segurtasun-uhala jarrita eta adingabeak ondo ainguratuta eramatea haurrak atxikitzeko sistemetan, bidean ezarritako abiadura errespetatzea eta bidearen baldintzetara egokitzea, eta, noski, alkoholik edo bestelako drogarik hartu bada, ez gidatzea”.
ZIRKULAZIO-AURREIKUSPENAK ETA NEURRIAK
DGTk gogorarazi du hirigune handietatik bi fasetan irtengo direla; lehenengoa, esanguratsuena, asteartean, hilak 5, eta asteazkenean, hilak 6, “zubi” aldia hasiko delako, eta bigarrena, ostegunean, hilak 7, eta ostiralean, hilak 8, jaieguna eta asteburua hasiko direlako. Bestalde, itzulera batez ere azken egunean izango da, abenduaren 10ean. Tarteko egun horietan, irteera-sarrera noranzko bereko mugimenduak egingo dira, trafiko-operazio honetan sartutako jaiegunekin bat eginez.
Egun hauetan bidaiatzeko ordurik desegokienak asteartean, hilak 5, eta ostegunean, hilak 7, 16: 00etatik 21: 00etara izango dira; asteazkenean, hilak 6, 10: 00etatik 14: 00etara eta igandean, hilak 10, 16: 00etatik 21: 00etara.
Eremu gatazkatsuenetan zirkulazioa errazteko, DGTk, beste neurri batzuen artean, honako hauek aurreikusi ditu: erabilgarri dauden giza baliabideak ahalik eta gehien erabiltzea, errepideetako lanak gelditzea, eta kamioien zirkulazioa murriztea, oro har, eta tarte, data eta ordu jakin batzuetan salgai jakin batzuk garraiatzen dituztenak ere bai.