Pilar Bernabé Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkariak bilera izan du gaur, ostirala, hilak 23, Antonio Martí Valentziako Zinema Enpresaburuen Elkarteko (AVECINE) presidentearekin.
Topaketaren helburua Cine Sénior programaren xehetasunak jorratzea izan da; ekimen hori Espainiako Gobernuak onartu du, eta, horri esker, astean behin, zinemako sarrerek 2 euroko prezio murriztua izango dute 65 urtetik gorako pertsonentzat.
Horretarako, interesa duten erakusketa-aretoek programarekin bat egin beharko dute –lotura honen bidez–, eta, hala, prezio murriztuan saltzen duten sarrera kopuruaren araberako diru-laguntza jasoko dute. “Gobernuak 10 milioi euro inbertituko ditu sarreren ohiko prezioaren eta 2 euroko prezio murriztuaren arteko aldea estaliko duten laguntzetan, eta gehienez ere 3 euro emango ditu sarrera bakoitzeko”, zehaztu du Bernabék.
Valentziako Erkidegoak 94 zinema-areto ditu, Espainia osoko % 13. Gobernuko ordezkariaren hitzetan, “Erkidegoko aretoen ia erdiak programarekin bat egin du dagoeneko”. “Espero dugu, datozen orduetan, oraindik beste asko gehitzea”, esan du Bernabek.
Ordezkariarentzat, “funtsezkoa da adineko pertsonak zinemara joatea sustatzea, haiek baitira pandemiaren aurreko ohiturari berriz heltzeko denbora gehien hartzen ari direnak”. “Ekimenak bi alderdi ditu: batetik, zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzen da, eta, bestetik, babesa ematen zaio Covid-19ak asko zigortu zuen eta suspertzea asko kostatzen ari zaion sektore bati”, adierazi du.