2023ko abenduaren 27a.- Ministroen Kontseiluak, gaurko bileran, erabaki du 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea ekonomikoki eta sozialki kalteberak diren beren ohiko etxebizitzatik kaleratzeak eta etxegabetzeak eteteko aldia, egungo araudiak jada aurreikusitako kasuetan. Neurri hori gaur onartutako Errege Lege Dekretuaren barruan dago, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazkek eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, bai eta lehortearen ondorioak arintzeko ere.
Hala, dinamika inflazionista arintzeko prozesuaren eta nazioarteko egoeraren ondorioak luzatzeko prozesuaren testuinguruan etxeetako errealitate sozial eta ekonomikoari erantzuteko, etxebizitzaren arloko kalteberatasun-egoeretan babesteko zenbait neurri luzatzen dira, eta neurri horiek martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuan sartu ziren (11/2020 Errege Lege Dekretua, martxoaren 31koa, COVID-19ari aurre egiteko presako neurri osagarriak ezartzen dituena).
Neurri handi batean, Ukrainako Gerraren denbora-luzapenak eta horrek familien ekonomian izango dituen ondorioek markatutako egoera baten ondorio da hori, batez ere, kontsumo-prezioen hazkundeak eragindakoa, bereziki baliabide gutxien dituzten pertsona eta familietan.
Errentatzaile edo jabeentzako konpentsazioak
Neurria beste urtebetez luzatuko da bizileku-aukerarik ez duten etxe kalteberentzat, eta, horrez gain, 2025eko urtarrilaren 31ra arte errentatzaileak edo jabeak konpentsazioa eskatzeko aukera aurreikusten da (kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko presako neurrien abenduaren 22ko 37/2020 Errege Lege Dekretua).
Era berean, luzatu egiten da etxegabetzearen edo kaleratzearen ezohiko eteteak eragiten dien errentatzaileek eta etxebizitza-titularrek LEDean bertan aurreikusitako konpentsazio-eskaera aurkezteko epea. Epe hori hilabetekoa zen, neurrien indarraldia amaitzen zen egunetik kontatzen hasita. Hala, neurri horietarako aurreikusitako luzapenarekin, eskaera hori aurkezteko epe berria 2025eko urtarrilaren 31ra arte finkatu da.
Gizarte-babeseko neurriak
Babes-neurriak zabaltzea onartu zen ohiko etxebizitza utzarazteko prozedurei aurre egiten dieten etxe kalteberentzat, organo judizial eta gizarte-zerbitzu eskudunen ekintza koordinatuarekin, barnean hartuta ohiko etxebizitza utzarazteko prozeduren eraginpean dauden familiak, baldin eta errentamendu-kontratuetatik ez badatoz, eta mendeko pertsonak, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak edo beren kargura dauden adingabeak badaude.
Azken kasu horretan, ezartzen da epaileak ahalmena izan dezakeela, kasu zehatzaren balorazio haztatua eta proportzionala egin ondoren, botatzea eteteko, baldin eta higiezin horien jabeak 10 etxebizitza baino gehiagoren titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak badira. Horretarako, txostena eskatuko zaie gizarte-zerbitzu eskudunei, kalteberatasun ekonomikoko egoera baloratu ahal izan dezaten eta egoera horri erantzuteko aplikatu beharreko neurriak identifika ditzaten.
Kasu horietan, lehendik araututakoak beti hartuko dira kontuan.
etendura ezin izango da inoiz eman, eta hauek dira:
- Etxebizitza jabearen ohiko bizilekua edo bigarren egoitza denean.
- Ondasun higiezinaren jabea pertsona fisikoa edo juridikoa denean, eta, zuzenbidean baliozkoa den titulu baten bidez, pertsona fisiko bati laga zaionean ohiko bizilekua edo bigarren etxebizitza, behar bezala egiaztatuta.
- Higiezinean sartzea edo bertan gelditzea pertsonen aurkako larderia edo indarkeria erabiliz gertatu denean.
- Etxebizitza legez kanpoko jarduerak egiteko erabiltzen delako arrazoizko zantzuak daudenean.
- Etxebizitza sozialetarako higiezinak direnean eta etxebizitza jadanik eskatzaile bati esleitu zaionean
- Higiezinean 11/2020 Errege Lege Dekretua indarrean jarri ondoren sartu izana.
Etxebizitza Legea
Gaur Errege Dekretuan onartu den luzapenaren 2024. urte osoko hedapenak bat egiten du Mivau arlo horretan gauzatzen ari den egiturazko neurriekin, etxebizitza duin egoki baterako eskubide konstituzionala egikaritzeko xedea dutenak, hala nola Etxebizitza Eskubidearen Legea onartzea eta indarrean jartzea.
Legeria berriak ezartzen du alokairuaren urteko gehieneko igoera % 3koa izango dela 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra indarrean dauden kontratuetan, eta agindu bat sartzen dio Estatistikako Institutu Nazionalari (INE) 2024ko abenduaren 31 baino lehen erreferentzia-indize berri bat defini dezan etxebizitzen errentamendu-kontratuen urteko eguneraketarako, errentaren igoera neurrigabeak saihesteko. Gogoratu behar da 2022aren amaieran onartutako errentaren urteko eguneratzearen % 2ko mugak indarrean jarraitu duela 2023 honetan guztian zehar.
Etxebizitzaren Legeak, halaber, hobekuntzak jasotzen ditu etxe kalteberen ohiko etxebizitzari eragin diezaioketen utzarazpen-prozeduran, organo judizialaren eta gizarte-zerbitzuen arteko komunikazio eraginkor eta azkarra bermatzeko, organo horiek egoera ebalua dezaten eta, hala badagokio, kalteberatasun ekonomiko eta/edo sozialeko egoeran dauden pertsonei azkar erantzun diezaieten eskatuz.
Zentzu horretan, Gizarte Zerbitzuek kaltetuei bizileku-irtenbideak eskaini ahal izatea ziurtatzen da, desalojoaren ondoriozko desanparo-egoerak saihestuz. Irtenbide horiek gertatzen diren bitartean, handitu egiten dira kalteberatasun-egoera horietan kaleratzeak eteteko epeak: 1etik 2 hilabetera jabea pertsona fisikoa denean, eta 3tik 4ra pertsona juridikoa denean. Horrez gain, kalteberatasun ekonomikoko egoerak definitzeko irizpide objektiboak sartzen dira prozeduran.