Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak Espainiako Gobernuaren elkartasun eta babes osoa helarazi die atzo goizaldean Cabo Mayor pareko kostaldean, Kantauri itsasoan, gertatutako “Vilaboa Uno” arrantza-ontziaren hondoratzeak kaltetutakoei.
Hondoa jotako ontziko arrantzaleen senideekin eta ontziko armadoreekin bildu da gaur Planas, Santanderren. Aurretik, ministroa Itsas Salbamenduko taldearekin eta Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuarekin bildu da. Biek eta Itsasoko Gizarte Institutuak egindako lan handia nabarmendu du. Ministroak balioan jarri du Kantabriako Autonomia Erkidegoak emandako laguntza, eta, bereziki, arrantza sektore osoak egindako lana, bizirik dauden 7 lagunak erreskatatzeko eta bi hildakoen gorpuak berreskuratzeko. Tripulatzaileetako bat desagertuta dago.
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentea eta Ainoa Quiñones Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoan duen ordezkaria ministroarekin izan dira bilera horietan.
Bilaketa lanekin jarraitzeko Gobernuak duen borondatea ere adierazi du ministroak. Iragarri duenez, bihartik aurrera Guardia Zibilak robot bat txertatuko du, hondoratutako ontziaren irudiak hartu eta haren egoera ezagutu ahal izateko.
Senide eta gertukoen minarekiko maitasun eta elkartasun mezua helarazteaz gain, egunero lan oso gogorra egiten duten 32.000 arrantzale espainiar baino gehiagoren lana goraipatzeko unea dela esan du ministroak, eta arrisku asko dituela herritarrei kalitate handiko elikagai fresko batzuk helarazteko.