Ministroen Kontseiluak, Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak proposatuta, Errege Dekretu bat onartu du astearte honetan, zeinaren bidez arautzen baita etxebizitza-merkatu tentsionatuko guneak izendatu dituzten autonomia-erkidegoei zuzeneko dirulaguntzak ematea –180 milioi euro–. Halaber, 45 milioi euroko beste errege-dekretu bat onartu da, 2026an unibertsitate-ostatu eskuragarriak bultzatzeko. Asturiasko Printzerriari 5,9 milioi euro bideratuko zaizkio, merkatu tentsionatuko eremuetan etxebizitza eskuragarrien eskaintza sustatzeko.
“Etxebizitza eskuragarria sustatzeko bi neurri dira, gehien behar den lekuan eta gehien behar dutenentzat”, esan du Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agendako ministroak, Ministro Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.
Bost autonomia erkidego tentsiopean
Etxebizitza-merkatuko guneak tentsionatuta deklaratu dituzten bost autonomia-erkidegoei zuzendutako diru-laguntzen xedea da etxebizitzen arrazoizko eskaintza handitzea, eremu horietako 317 udalerrietan alokairu-prezioak murrizteko, horietan 9 milioi pertsona baino gehiago bizi baitira.
Zenbatekoen banaketak (irizpide objektiboetan oinarrituta, biztanleria egoiliarra eta gainesfortzu-egoeran dauden familien ehunekoa kontuan hartuta) honako zenbateko hauek ezartzen ditu:
•Katalunia (271 udalerri): 119,4 milioi euro.
•Euskadi (18 udalerri): 31 milioi euro.
•Nafarroa (21 udalerri): 13,3 milioi euro.
•Galizia (Coruña eta Santiago): 10,2 milioi euro.
•Asturias (5 udalerri): 5,9 milioi euro.
Etxebizitzarako eskubidearen aldeko Legearen 18. artikuluan aurreikusitako diru-laguntza horien helburua da etxebizitza eskuratzea oztopatzen duten desoreka bereziak zuzentzeko erkidegoek diseinatutako plan espezifikoak garatzen laguntzea. Finantzaketa horrekin, autonomia-erkidegoek etxebizitzak sustatzeko eta birgaitzeko neurriak garatu ahal izango dituzte, edo bizileku-irtenbide alternatiboak, arrazoizko alokairura edo alokairu sozialera bideratutakoak.
Halaber, etxebizitza-erabilerako bizitegi-eraikigarritasuna duen lurzorua eskuratu ahal izango dute, bai eta helburu berarekin garatu ere. Gainera, diru-laguntzak etxebizitzak erosteko ere erabili ahal izango dira, alokairu sozialera edo eskuragarrira bideratzeko. Alokairu-kontratuetan errenta ez ordaintzeagatik ematen den estaldura da autonomia-erkidegoentzako laguntza horien beste xedeetako bat.
Unibertsitateko 2.000 ostatu inguru sortu dira
Bestalde, unibertsitateko ostatu eskuragarrietarako programak 2.000 plaza sortzea aurreikusten du lehen fase batean.
Ministerioak finantzatutako proiektuek lurralde-ezarpen zabala dute, eta jarduerak Gaztela-Mantxan, Andaluzian, Madrilgo Erkidegoan, Katalunian, Gaztela eta Leonen eta Valentziako Erkidegoan banatzen dira.
Hona hemen 45 milioi euroen banaketa:
•Madrilgo Unibertsitate Autonomoa: 13,3 milioi euro.
•Gaztela-Mantxako Unibertsitatea (Albacete): 8,1 milioi.
•Pablo Olavideko Unibertsitatea (Sevilla): 6,5 milioi euro.
•Burgosko Unibertsitatea: 5,9 milioi euro.
•Castellóko Jaume I.a Unibertsitatea: 4,5 milioi euro.
•Jaengo Unibertsitatea: 3,5 milioi euro.
•Lleidako Udala: 2,9 milioi euro.
Neurri horren helburua da ikasleentzako, irakasleentzako eta ikertzaileentzako egoitza-eskaintza zabaltzea; mugikortasun akademikoa erraztea; eta unibertsitate-hirietan alokairuaren merkatuaren gaineko presioa murriztea.