Ministroen Kontseiluak, gaurko bileran eta Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak (Mitma) proposatuta, Errege Dekretu bat onartu du, AP-66 autobidearen (Campomanes - Leon) emakida aldatzeko, tuneletan energia-eraginkortasuna egokitzeko eta hobetzeko eta kutsadura akustikoari aurre egiteko neurriak gauzatzeko.
Emakidaren aldaketa horrek ez du inolako aldaketarik ekarriko ez bidesarien zenbatekoan, ez emakidaren iraupenean, eta AP-66 autobidearen iraunkortasuna eta segurtasuna hobetzera bideratuta dago, honako ekintza hauen bidez:
- Lehendik dauden tunelak Europa barneko errepideen sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-betekizunei buruzko Errege Dekretuan ezarritakora egokitzea.
- Tunelen energia-eraginkortasuna hobetzea.
- Kutsadura akustikoaren aurkako borroka Lena udal mugapean, Mitmaren II. Faseko Zarataren Aurkako Ekintza Planean aurreikusitakoaren arabera.
Helburu horiek lortzeko, betebeharren banaketa bat ezarri da Mitmaren –Errepideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez hartuko du bere gain obrak egiteko ardura– eta sozietate emakidadunaren artean –azken hori arduratuko da proiektuak idazteaz eta emakidari gehitzen zaizkion elementu berri guztiak kontserbatu, mantendu eta ustiatzeaz–.
Halaber, alderdi bakoitzak bere betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren kostuak bere gain hartuko ditu. Horretarako, Mitmari dagokionez, jarduerak nagusiki Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatzea aurreikusi da.