Teresa Ribera Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak 356,75 milioi euroko aurrekontua duen Doñanarako Jarduera Esparrua eguneratu du gaur, Ministroen Kontseiluan. Plan hori Almonten (Huelva) aurkeztu zen 2022ko azaroaren 30ean, alkateen, nekazaritza-elkarteetako ordezkarien, ekologisten eta zientzia-adituen aurrean, eta helburu nagusia Parke Nazionalaren ingurumen-degradazioa lehengoratzea eta haren funtzionamendu ekologikoa berreskuratzea da, epe labur eta ertaineko neurriekin.
Europako hezegune garrantzitsuenetakoa da Doñana, ingurumenaren ikuspegitik, eta presio handiak jasaten ari da. Gaur, apirilak 25, 25 urte bete dira, hain zuzen ere, Aznalcóllar meatze-putzua hautsi eta gune horretan isurketa toxikoa eragin zuenetik. 5 milioi m3 lohi toxiko baino gehiagok eta 2 milioi m3 ur azidok Guadiamar eta Agrio ibaietatik 40 km inguru kutsatu zituzten.
Azken urteotan, nekazaritza intentsiboaren hazkunde handia gertatu da eremu horren periferian, eta jarduera horri lotutako ureztatzeak maila freatikoaren beherakada eragiten ari da. Horrek, gero eta sarriago gertatzen diren lehorteekin batera, Parke Nazionala hondatzea eragin du. Teresa Ribera presidenteordeak nabarmendu duenez, “nazioartean babes-figura guztiak dituen Espainiako eremu natural bakarra da, UNESCOk 1994an Gizateriaren Ondare izendatu zuena barne”.
NEURRIAK
Aurreikusitako neurriak funtsezko hiru printzipiotan oinarritzen dira:
• Legez kanpoko putzuak ixtea eta kontrol zorrotza egitea, teledetekzio eta telekontrol bidez, ur-eskubide finkatuak dituzten putzuak.
• Lur azpiko uren ordez lur gaineko urak erabiltzea —betiere, ureztatutako azalera handitu gabe—, eta gaur egun ureztatzeko dauden lurrak erostea eta birnaturalizatzea.
• Biodibertsitatea kontserbatzeko eta leheneratzeko neurriak.
2020ko uztailean lurpeko hiru ur-masa “arriskuan” deklaratu izanak erauzketen kontrola areagotzea eta putzuak ixtea ahalbidetu du: 701 itxi dira dagoeneko, eta 428 ixteko tramitazioan daude. “Arriskuan” dauden lurpeko ur-masetan erabiltzaile-komunitateak eratzen ari dira, akuiferoaren eremu bakoitzean nekazariak biltzeko eta erabiltzaile-komunitate bakoitzerako “Jarduera-programak” eta “Erauzte-planak” egin eta onartzeko. “Obra eta inbertsioen egutegiak aukera ematen du erauzketa guztiak 2025ean ixteko eta hiriguneetako hornidura-eskubideak eta lur gaineko uraz ureztatzeko eskubideak estaltzen direla bermatzeko” azpimarratu du Riberak Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Gainera, lur azpiko baliabideak lurrazalekoekin ordezkatuz gero, “putzu legalak” itxi daitezke, eta, horrela, akuiferoaren gaineko erauzketak murriztu. Ordezkatze hori bi azpiegituren bidez egiten da nagusiki: Tento-Odiel-Piedras arrotik datozen 19,99 hm3/urteko isuraldatzea; 8 hm3/urteko bolumen gehigarria El Agrioko urtegia handituz.
Obra horiek faseka osatzen dira, dagozkien emakiden izapidetze paraleloarekin. Dagoeneko martxan daude El Condado eskualdeko zenbait herriren hiri-hornidurarako urteko 3,1 hm3-ko baliabideak eta El Fresno-Guadalquivir ureztatzaile-erkidegoko 815 ha ureztatzeko urteko 4,26 hm3-koak ordezteko lanak. Horrez gain, El Agrio handitzeko proiektua amaitzen ari dira; aurreikuspenen arabera, 2024an hasiko dira obrak, eta 2026an amaituko dira.
Gainera, Doñanarako Jarduera Esparruak 100 milioiko inbertsioa aurreikusten du ur eskubideak dituzten lurrak eskuratzeko, gaur egun Guadiamar ibaiaren eta Paduren arteko lotura eragozten dutenak. Erosketa 2024an hasiko da.
Saneamenduari eta arazketari dagokienez, Sevillako hondakin-uren araztegiaren tratamendua egokitzeko lanak egiten ari dira, EMASESArekin hitzarmena sinatuta. Hitzarmen horren esleipen-aurrekontua 72 milioi eurokoa da. 2024. urtearen amaieran bukatuko omen da.
Baita Isla Mayor (4,9 M€) eta Gerenako (5,8 M€) araztegiak ere, Aljarafesarekin egindako hitzarmen baten bidez. Lanak 2024. urtearen amaieran amaitzea aurreikusten da.
Beste jarduketa batzuk Escacena del Campo, Lucena del Puerto, Moguer eta Sanlucarreko araztegietan. Lanak 2024aren amaieran hasi eta 2026an amaituko dira
Matalascañaseko hondakin-uren araztegia handitzeko proiektua aukeren azterketa egiten ari dira gaur egun, eta 2027an amaitzea aurreikusten da.
BIODIBERTSITATEA
Doñanarako Jarduera Esparruak 12,9 milioi euroko aurrekontua du, konektibitate ekologikoa hobetzeko eta habitaten desfragmentazioa murrizteko. Emaitza bikainak ematen ari diren LIFE programei gehituko zaizkie jarduera horiek. Katamotz iberiarrei buruzko azken datuen arabera, lehen aldiz ehun baino gehiago daude Doñanan. Europako ahate mehatxatuena den zertzeta arreari dagokionez, 2022an 44 bikotera igo da biztanleria Andaluzian. Bestalde, arrano inperiala 2011n 70 bikote ugaltzaile izatetik, 2022an 136 bikote izatera pasatu da.