Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Angel Victor Torresek familiei jakinarazi die beste bi biktima identifikatu dituztela, eta haien gorpuzkiak Cuelgamuro haranean aurkitu dituztela. Hain zuzen ere, Constancio Allende Falangeko kidea den Burgosko jornalaria eta Luis Domenech UGTko kidea den Zaragozako teilagina dira hildakoak.
Bi pertsona horiekin, dagoeneko 18 dira duela bi urtetik Cuelgamuro haranean egiten ari diren lanetan identifikatutako biktimak. 2023ko ekainaren 12an hasi ziren lanak.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak, Ángel Víctor Torresek, adierazi du “konpromisoak bere horretan” jarraitzen duela, bi urteko lan gogorraren ondoren, “non, oztopoak oztopo –ultraeskuineko kolektiboen etengabeko ekintza judizialekin lanak atzeratu dituzte–, emaitza oso onak lortu baitira”, adierazi zuen. Gainera, ministroak azpimarratu du Memoria Demokratikoaren Legeak erantzuna, ordaina eta duintasuna ematen diela gerraren eta diktaduraren biktima guztiei, “eta horren froga da haien familiei itzuliko zaizkiela teilagin errepublikar baten eta borrokalari falangista baten gorpuzkiak”.
Halaber, ministroak nabarmendu duenez, “lehen aldiz, Luis Domenechen kasuarekin, hildako senide batengandik lortutako DNA laginei esker lortu da biktima identifikatzea”. Kasu honetan, familiaren baimena izan zen Alagongo hilerrian lurperatutako Luisen ahizpa baten laginak lortzeko.
Orain arte aurkitutako, identifikatutako eta senideei emandako 18 gorpuzkiak Aldeaseca udalerritik (11 identifikatuta) eta Zaragozako Borja udalerritik (5 identifikatuta) Haranera eramandako kutxetakoak dira. Horiez gain, Constancio Allenderena eta Luis Domenechena ere badaude, eta horien ondorengoei laster emango dizkiete gorpuzkiak.
Une honetan, gainera, beste 8 udalerritako kutxak ikertzen ari dira.
Torresek gogorarazi du ahalegin handia egiten ari dela familiek ahalik eta informazio gehien izan dezaten egiten ari diren aurrerapenei buruz, eta bi urte hauetan informazio-bilerak egin direla, eta, aldi berean, 155 familairek Haranean jarritako labotatorioak bisitatu ahal izan dituztela eta zientzia-taldeak artatu dituela.
Constancio Allende Sancho
Constancio Allende Sancho Burebako (Burgos) Vallartan jaio zen 1904ko irailaren 19an. Bere gurasoak Valentin Allende jornalaria eta Jacinta Sancho ziren, biak ere Vallartakoak.
Bere gaztaroko uneren batean Gasteizera emigratu zuen eta bertan Gertrudis Elguea eta Saéz de Vicuñarekin ezkondu zen. Langile aritzen zen han.
Constancio Allende Sancho 1936ko azaroaren 2an hil zen gerra ekintza baten ondorioz, Arabako Falangearen 1. Mendeko gudaria zelarik. Haren gorpuzkiak Sigüenzan hobiratu eta Haranera eraman zituzten 1959ko maiatzaren 26an.
Luis Domenech Rivas
Luis Domenech Rivas 1911ko ekainaren 6an jaio zen Alagonen (Zaragoza), Sixto Domenech eta Francisca Rivasen semea. Ezkongabea zen, UGTko kidea, eta ehungile lanak egiten zituen bere jaioterrian.
Alagon matxinatuek kontralatutako eremuan geratu zen. 1936ko abuztuaren 19an, Ejea de los Caballeroseko paramilitar falangista talde bat aurkeztu zen herrian, atxilotu behar zituzten bizilagunen zerrenda batekin. Guztira hogeita zazpi pertsona eraman zituzten, horietako bi emakumeak.
Atxilotu guztiak Ejea de los Caballeroseko espetxera eraman zituzten. Hurrengo egunean espetxetik atera eta Biotaraino (Zaragoza) eraman zituzten, bertan hil zituztelarik. Luis Domenechek 25 urte zituen.
Biotako hilerrian hobi komun batean lurperatu zituzten, eta haien gorpuzkiak Cuelgamuroseko Haranera eraman zituzten ondoren, hiru kutxa kolektibotan.