- Espainiako Gobernuaren eta Aragoikoaren arteko akordioaren arabera, 30 milioi euro inbertituko ditu bakoitzak probintziako egiturazko desberdintasunak zuzentzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen duten proiektuen bidez
- Miquel Iceta ministroak uda baino lehen sinatuko du hitzarmena
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioa azken lanak egiten ari da Aragoiko Gobernuarekin Teruelgo Inbertsio Funtsaren (FITE) 2021eko hitzarmena sinatzeko.
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko estatu-idazkariak, Víctor Francosek, lan-bilera bat zuzendu du gaur goizean Aragoiko Autonomia Erkidegoarekin eta probintziako gizarte-eragileekin, aurten finantzatzea proposatzen duten proiektuak zehazten jarraitzeko.
Estatu idazkariak parte-hartzaile guztien elkar ulertzea eskertu eta baloratu du, eta iragarri du Miquel Iceta ministroak “uda baino lehen” sinatuko duela FITE 2021 hitzarmena.
Halaber, aurreratu du lanean ari direla aurtengo bigarren seihilekoan FITE 2022 zehazteko, teknikoki posible den neurrian sinatzeko eta, hala, garaiz eta behar bezala gauzatzea bermatzeko.
Aurtengo hitzarmenak 30 milioi euro izango ditu, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren kontura, eta beste 30 milioi Aragoiko Gobernuaren kontura. Gainera, 11,3 milioi euro batu dira, gauzatu ezin izan ziren aurreko ekitaldietako proiektuei dagozkienak.
Horren harira, Francosek nabarmendu du Gobernuak konpromisoa hartu duela hitzarmenaren urte anitzeko izaerari eusteko, hura sinatzen denean ere, dagokion urteko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatua izan dadin errazteko.
Desberdintasunak zuzentzea
FITE Hitzarmenaren xedea da Teruelgo probintziako egiturazko desberdintasunak zuzenduko dituzten eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen lagunduko duen lehiakortasun-eremu bat sortzea sustatuko duten inbertsio-proiektuak finantzatzea.
Zehazki, helburu hauek dituzten jarduerak dira: garraio- eta komunikazio-azpiegiturak hobetzea, enpresa-ekimenei laguntzea, kultura-, ingurumen- eta gizarte-ondareari balioa ematea, informazioaren gizartea garatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea (hezkuntza, osasun-laguntza eta gizarte-zerbitzuak), besteak beste.
Estatu idazkaria Teruelgo aireportuan izan da, eta FITEren finantziazioak lagundu du aireportuaren garapenean. Baloratu duenez, hitzarmen honetan jasotako proiektuak ez dira programa isolatuak, alderantziz, “aberastasuna sortzen dute, ekosistema sortzen duten traktoreak dira”.
Inbertsio horiekin, Espainiako Konstituzioaren 158. artikulua betetzen da; izan ere, artikulu horren arabera, elkartasun-printzipioa lurraldeen arteko desberdintasunak arintzeko eta barne-kohesioa politika ekonomiko eta sozialaren helburu gisa lortzeko tresna da.