Miquel Iceta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak eta María Chivite Nafarroako Foru Erkidegoko presidenteak gaur adostu dute Transferentzien Batzorde Mistoak maiatzaren 24an egingo duen bilera, espetxe-osasunaren eskualdatzea onartzeko.
Elkarretaratzea Madrilen egin dute, eta bertan izan dira Javier Remirez lehen presidenteordea eta Nafarroako Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria; Victor Francos Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Estatu idazkaria; eta Miryam Alvarez Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusia. Bi administrazioek beste eskumen batzuk transferitzeko lanetan aurrera egin dute; besteak beste, trafikoa eta bide-segurtasuna, aurtengo bigarren seihilekorako aurreikusita dagoena.
Icetak eta Chivitek Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako exekutiboaren arteko aldebiko harreman onak nabarmendu dituzte, baita bien arteko elkarrizketa eta lankidetza giroa ere.
Halaber, bai ministroa bai Nafarroako presidentea kezkatuta agertu dira Foru Erkidegoan dagoen behin-behinekotasun tasa altuagatik, eta administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko lan eta erreforma legaletan lankidetza estuan aritzeko prest daudela adierazi dute.