Madrilen, 2021eko martxoaren 5ean.- Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Miquel Iceta izan da gaur eguerdian ministerioko goi-karguen kargu-hartzearen ekitaldiko buru, eta esan du “emaitzak lortzeko, batez ere, talde ona izan behar dela, prestatua, esperientziaduna eta elkarrekin lan egiteko gai dena”.
“Talde ona egitea tokatzen zen eta oso talde ona egin dut”, ziurtatu du. Karguaz jabetu dira Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Estatu idazkaria, Víctor Francos Díaz; idazkariordea, Alberto Herrera Rodríguez; ministroaren kabineteko zuzendaria, Mar Román Martínez; Gobernantza Publikoko zuzendari nagusia, Olivié Bayón Céspedes; eta idazkari nagusi teknikoa, Ignacio de Loyola de Domingo Valenzuela. Horien guztien “prestakuntza, esperientzia eta gaitasun sendoa” baloratu du ministroak.
Lurralde Koordinaziorako idazkari nagusi Myriam Alvarezen eta Funtzio Publikoko idazkari Luis Javier Ruedaren lana ere eskertu du, eta haien “kaudimena eta zorroztasuna” nabarmendu ditu. Azaldu duenez, “aldaketa gutxi egin dira, taldeak egonkorrak izan daitezen eta erreformek denboran iraun dezaten”.
“Elkarrekin indartsuagoak gara”
Icetak azaldu duenez, pandemiaren azken urteak agerian utzi du bere agintaldian zehar aplikatuko duen konstatazio bat: “Elkarrekin indartsuagoak gara, eta elkarlanean hobeto egiten dugu lan”.
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren bi oinarriak azaldu ditu ministroak. Alde batetik, “itunen ministerioaz, akordioez, lankidetzaz” ari dela nabarmendu du. “Zerbitzari publikoen zereginaren garrantzia” ere defendatu du, “beren garaiko onena komunitatearen zerbitzura ematen duten herrikideak baitira”.
Horren harira, aurreratu du datorren astean lehen bilerak egingo dituztela sindikatuekin, bitartekotasunari heldu eta funtzionarioaren oinarrizko estatutua erreformatzeko. “Lan finko baterako, finkotasuna behar dugu”, defendatu du, “arazoaz kontziente gara eta horri helduko diogu”.
Prozesua autonomia erkidegoekin eta tokiko erakundeekin jorratuko dutela ziurtatu du ministroak. Gogoratu duenez, autonomia erkidegoek dute behin-behinekotasunaren arazoa neurri handiago batean, osasun eta hezkuntza zerbitzuetan, hain zuzen ere.
Itunak eta adostasunak
Ministroak nabarmendu duenez, izendatu zutenetik, 13 akordio sinatu ditu autonomia erkidegoekin, “konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak jartzea ekidin dutenak”. “Gure harremana oso ona da, oso positiboa”, ziurtatu du.
Estatuaren izaera federala defendatu du Icetak, eta gobernu-maila desberdinen arteko bizikidetza nabarmendu du: “Akordioak bilatzea da gurea, kobogernantza, lankidetza, federalismoa”.
Gainera, udalen papera izan du hizpide. Ildo horretan, nabarmendu du aurrera jarraituko dutela biztanle gutxien dituzten udalerrien oinarrizko estatutua egiten, “beren funtzioak bete ahal izateko eta despopulazioaren ondorioak gutxitzeko”.
Ministroak bere hitzaldia amaitu du, herritarrak ekintza ororen erdigunean jartzeko azpimarratuz, “hobeto zerbitzatzeko”, eta “elkarrizketa, negoziazioa, ituna eta kooperazioarekin” duen konpromisoa azpimarratuz.