2021eko martxoaren 3a.- Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministro Miquel Icetak nabarmendu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendirekin bildu ondoren, autogobernuan aurrera egiteko bidea “elkarrizketa, negoziazioa eta ituna” direla.
Bilera “emankorra” izan dela azpimarratu du Icetak, eta giro “oso adeitsu eta kooperaziokoan” igaro dela.
Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministeriora iritsi zenetik, ministroak autonomia erkidego batekin egiten duen lehen bilera da. Protokoloari dagokionez, Autonomia Estatutua onartu zuen lehen autonomia-erkidegoa da Euskadi, eta oraindik egin gabeko eskualdaketak ditu. Azaldu duenez, gainerako autonomia erkidegoekin biltzen joango da datozen asteetan.
Icetak baloratu du Euskal Herriari egin gabe dauden transferentziek “erritmo onean” egiten dutela aurrera. Aurreratu duenez, apirilean, transferentzien batzorde mistoa bilduko da, transferitu beharreko eginkizunak eta zerbitzuak zehazteko; besteak beste, espetxeetako eskumenak izango dituzte hizpide.
“Ez dugu aldatu bi administrazioen artean adostutako kronogramaren aurreikuspena”, adierazi du ministroak, baina, eskualdaketak egin ahala, egutegia eguneratzen joango da.
Halaber, ministroak eta sailburuak hurrengo bilerak iragarri dituzte maila teknikoan, Jose Luis Escrivá Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren ekimenez, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketaren transferentzia prestatzen joateko.
Autonomia-erkidegoekiko lankidetza eta elkarrizketa
Miquel Icetak azpimarratu duenez, Gobernu honek autonomia erkidegoekin etengabeko elkarrizketaren eta lankidetzaren alde lan egiten du. Elkarlan horren emaitza azken egunotan “hamaika akordio lortu dira, beste hainbeste konstituziokontrakotasun-errekurtso ekidin dituztenak”.
Negoziazioa da lehena, “Gobernu honek eta Ministerio honek bilatzen dutena da autonomia erkidego guztiekin akordioa lortzea”, eta, azkenik, “estatu federaletan gertatzen den bezala, adostasunik ez badago Auzitegi Konstituzionala da erabakia hartzen duena”.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, bere aldetik, bi administrazioen arteko elkarrizketarako jarrera ona berretsi du, eta Espainiako Gobernuarekin ados egotea eskertu du, oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak bultzatzeko. Horrez gain, ministroarekin izango duen hurrengo bilera Euskadin egitea espero duela esan du Urkulluk.
Halaber, bai ministroak, bai sailburuak, administrazio publikoek, euskal administrazioak zehazki, bizi duten behin-behinekotasun handiaren arazoa konpontzen laguntzeko borondatea adierazi dute, bai Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua erreformatuz, bai egungo egoerari beste irtenbide batzuk bilatuz.