“Espainiako Gobernuak jaso du Eibarko Udalak hiria Memoria Leku izendatzeko egin duen proposamena. Hala izateko duina den hiria, funtsezko bi gertaerengatik: 1931ko apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zuen Espainiako lehen hiria izatea, eta 1937ko apirilean Espainiako Gerran Errepublikaren eta bere nazioarteko aliatuen aurka matxinatutako armadaren hegazkintzak eragin zituen bonbardaketa tragikoak”, adierazi du Fernando Martínezek.
Berrespen-ekitaldian izan dira, halaber, Marisol Garmendia Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria; Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua; eta Jon Iraola Eibarko alkatea; udal ordezkariekin eta herritarrekin batera.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak euskal sozialismoak askatasunarekin, herritarrekin eta bizikidetzarekin duen konpromiso historikoa aldarrikatu du, 1931n modu libre eta demokratikoan hautatutako errepublika baten aldeko atxikimendua aldarrikatu zuten zinegotzi eibartarrak harrotasunez gogoratuz.
Unzaga plaza izan da, historikoki, hiriaren bihotz politiko eta soziala. Egungo ibilbidea XIX. mendearen amaieran finkatu zen, eta, ordutik, manifestazioak, ekitaldi publikoak, herri-ospakizunak eta garrantzi politiko bereziko uneak izan ditu. Gune horretan gogoratzen den gertakaririk enblematikoenetako bat 1931ko apirilaren 14ko goizaldean gertatu zen, Eibar II. Errepublika aldarrikatzen zuen herrialdeko lehen herria bihurtu zenean, plazan bertan kokatutako Herriko Etxeko balkoietatik. Eibarko herritarrek errepublikaren idealekin, askatasunarekin eta justizia sozialarekin duten konpromisoa islatu zuen keinu sinboliko horrek. Gerra Zibilean ere liskarrak, bonbardaketak eta tentsio handiko uneak izan ziren plazan, balio estrategiko eta sinbolikoa zuelako. Ondorengo urteetan, topagune, memoria eta aldarrikapen leku izaten jarraitu zuen.
Eibarko alkate Jon Iraolak nabarmendu duenez, “gaurko aitortza urrats garrantzitsua da gure memoria kolektiboaren zaintzan.” Era berean, adierazi duenez, “bereziki pozten gaitu Eibarrek herrialdearen historia demokratikoan izan duen papera baloratu izanak. Merezitako aitortza da hiriarentzat eta denboran zehar balio demokratikoen alde egin duten pertsona guztientzat”.