“Gizon haiek ausartak izan ziren”, adierazi du ministroak bere hitzaldian. “Askatasuna maite izan zuten euren bizitza propioen gainetik”, jarraitu du. “Askatasunarekin, berdintasunaren printzipio handiekin eta senidetasunarekin batera nagusituko ziren askatasun eta balioen gizartea amesten zuten”, gaineratu du. 1824ko abuztuaren 24an –200 urte egingo ditu hurrengo hilabetean–, “belauniko eta bizkarretik” fusilatu zituzten liberal hauek, iraultzaren garrari su ematen saiatu zirenak, arrakastarik gabe. Ingalaterrako Itsas Armadaren kasakaz jantzita –hortik datorkio Coloraotarrak izena–, Almeriako hondartzetan lehorreratu ziren, askatasunaren eta 1812ko Konstituzioaren aldeko altxamendu nazional bat bultzatu nahian, Fernando VII.ak indargabetu zuena.
Almeriako udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako omenaldiaren ondoren, lore eskaintza egin dute ‘Askatasunaren martirien’ monumentuan, Konstituzio plazan, eta leku hori Oroimen Leku gisa aitortzen duen plaka desestali dute.
Ministroarekin batera izan dira Pedro Fernandez Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkaria, Fernando Martinez Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria, Maria del Mar Vazquez Almeriako alkatea eta Carmen Ravassa Los Coloraoseko Bigarren Mendeurrenaren aldeko plataformako presidentea, besteak beste.