Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak eta Ikasketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroak (CEPC) Memoria Demokratikoa bilduma jarri dute martxan.
Bi erakundeen arteko akordioari esker posible izango den bilduma honek oroimenari eta demokratizazioari buruzko ikerketaren fruituak jaso nahi ditu, gure oraina ulertzeko bide gisa, eta demokraziaranzko ibilbidea, haren aurrerapenak eta trabak aztertzea du xede.
Bildumaren multzoak ikuspegi integratzailea erakusten du, eta, gaiari dagokionez, ez du Historiaren eremua bakarrik hartzen. Monografiek Soziologia Politikotik Filosofiara, Gizarte Antropologiatik eta Zuzenbidetik doazen arloak barne hartzen dituzte. Ildo horretan, arreta berezia jarriko zaio Espainian demokrazia finkatzeko saiakeren azterketari, haren lorpenei eta porrotei, bai eta eskubideen aitorpenari eta urraketei ere.
Bestalde, eta Estatu Idazkaritzaren politika globalaren ildotik, monografia horietan aintzat hartuko dira memoria berreraikitzeko proposamenak eta biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako ekimenak ere. Hori guztia ikuspegi globalizatzaile batetik, nazioarteko dimentsio konparatura irekia eta generoaren zeharkako ikuspegiarekin.
Dibulgazio-lan horren bidez, demokratizazio-prozesu historikoak, haien aurrerapenak, oztopoak eta mugak, eta balio eta askatasunen aldeko borroka eta giza duintasunaren errespetua zabaldu eta bermatu nahi dira herritarren artean.
Bilduma honetan sartuko diren monografiak formatu digitalean argitaratuko dira, eta paperean ere jarriko dira salgai, eskaripeko inprimaketa modalitatean.
Bildumaren zuzendaria Encarnación Lemus López da, Huelvako Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna, eta CSICeko Manuel Reyes Matek, Valentziako Unibertsitateko Ana Aguadok, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Gutmaro Gómezek eta UNEDeko Leyre Burguerak osatzen duten Aholku Batzordeak babesten du.