- Marisol Garmendia: “Kanpaina honekin Administrazio hurbila eta eraginkorra sustatu nahi dugu, eta Espainiatik kanpo bidaiatzeko asmoa dugunean sortzen diren zalantza asko argitzea espero dugu”
- Euskal herritarrek aholkuak eta jarraibideak izango dituzte sare sozialetan eta Ordezkaritzaren webgunean, kanpoko txertaketari buruz eta joan-etorriak planifikatzeko eman beharreko pausoei buruz
Atzerrirako bidaia prestatzeko orduan, lanarengatik, aisialdiagatik edo beste arrazoi batzuengatik, zalantzak sortzen dira helmugako lekuan konplikazioak saihesteko beharrezkoak diren betekizunen eta arreta-neurrien inguruan. Txertoa jartzeko beharra edo komenigarritasuna, beharrezko agiriak, gaixotasuna edo istripua izanez gero zer egin... Horregatik, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzak informazio-kanpaina bat diseinatu du. Berehala jarriko da abian bere sare sozialetan, eta Gobernu Ordezkaritzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da.
Instagram: @delgobpaisvasco
X: @DelGobPaisVasco
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariak uste du kanpaina honek euskal herritarrek atzerrira egiten dituzten joan-etorriei buruz duten informazioa hobetzen lagunduko duela. “Gure helburua da erakundeak herritarrengana hurbiltzea, eskaintzen ditugun zerbitzuak erakustea eta bizitza ahalik eta gehien erraztea. Kanpaina honen bidez, Administrazio hurbila eta eraginkorra sustatu nahi dugu, eta espero dugu Espainiatik kanpo bidaiatzeko asmoa dugunean sortzen diren zalantza asko argitzea. Adibidez, herrialde askok ez dute aurretiazko txertaketarik behar, eta hori jakiteak jendearen prestaketak errazten ditu”.
Informazio-`pilula´ batzuk dira, eta, modu erraz eta bisualean, bidaia bat planifikatzerakoan hainbat konturen berri emango diete herritarrei. Sei kapitulu dira, hainbat diapositibaz osatuak, eta gai hauek jorratzen dituzte, besteak beste: zer osasun-neurri hartu behar diren kontuan, zer neurri hartu behar diren likidoei eta elikagaiei buruz, zer prebentzio-neurri hartu behar diren intsektu-ziztadak izanez gero, zer arrisku dauden altitude handiko eremuetan, zer gaixotasun eragin ditzaketen animaliak kutsatuz gero, eta zer elementu izan behar dituen ezinbesteko gure botika-kutxak.
Aste honetan zehar, balizko bidaiariek material hori izango dute sareetan eta Gobernu Ordezkaritzaren webgunean kontsultatzeko. Estatuko Administrazio Orokorrak Euskadin dituen nazioarteko txertaketa-bulegoen harremanetarako datuak ere aurkituko dituzte, baita Osasun Ministeriorako esteka bat ere, kasu zehatz bakoitzean behar den informazio gehiago eman ahal izateko.