- Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak “Euskal Herria II. eta XVIII. mendeetako mapetan” aurkeztuko du. Bihartik urte amaierara arte egongo da ikusgai Gobernuaren Arabako ordezkariordetzan
- Erakusketa hau Estatuko Administrazio Orokorraren Ate Irekien Asteko jardueren barruan dago
Euskal Herria mapetan dago, gutxienez, 150. urtetik. Hala erakusten du bihartik aurrera Gobernuak Araban duen ordezkariordetzan ikusi ahal izango den erakusketak. Urte amaierara arte egongo da zabalik erakusketa, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariordetzetan zehar bidaiatzen jarraitu aurretik.
‘Euskal Herria II. eta XVIII. mendeen arteko mapetan’ erakusketa aurkeztu du gaur goizean Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, eta azpimarratu duenez, “erakusketa honi esker, euskal publikoak bere lurra non egon zen eta non dagoen kokatu ahal izango du. Euskadiren mugak aldatzen saiatzea errealitatearekin baino gehiago identitate ameskerien antza du”. Erakusketa Estatuko Administrazio Orokorraren Ate Irekien Astearen harira programatutako jardueren barruan dago. Aste hori Euskadiko hiru ordezkariordetzetan egiten ari da.
Erakusketaren kalitatea goraipatu du Garmendiak, “garrantzitsua delako bizi dugun errealitatea aitortzea. Mapa errealez, datu zehatzetatik, gertaera objektiboetatik eta egia ukaezinetatik eraikitako mapez betetako mundu batean bizi gara”. Izan ere, errealitate horretatik urruntzeak nahi ez diren ondorioak ekar ditzake. “Askotan, irudimenezko mapak sortzeko joera dago, errealitatearekin bat ez datozen ameskeriak eraikitzekoa. Arriskutsua da desirek, fantasiek, eraman zaitzaten uztea, honek izan ditzakeen ondorioetan pentsatzen gelditu gabe”, adierazi du Gobernuaren ordezkariak.
Errealitateari atxikitzearen garrantzia azpimarratu du Marisol Garmendiak. “Errealitatea zerbait ukigarria da, ezikusiarena egin edo gutxietsi ezin dugun zerbait. Benetako mapek bide zuzenetik gidatzen gaituzte, egia iragazki eta apaingarririk gabe erakusten digute. Irudimenezko mapari eusten badiogu, ilusioz eta gezurrez jositako labirinto batean galduko gara. Gure bizitzak gidatzen dituzten mapen inguruan hausnartzera gonbidatzen dut, errealitatetik urruntzen gaituzten ameskerien inguruan. Horrela bakarrik eraiki ahal izango dugu etorkizun sendo eta iraunkorra, oinarri sendoetan eta ideia argietan oinarritua”.
‘Euskal Herria II. eta XVII. mendeen arteko mapetan’ erakusketak Geografia Institutu Nazionalaren bermea du eta Marcos Pavo ingeniari geografikoak komisariatu du. Aurkezpenera bertaratu zirenek –Jaurlaritzak Araban duen ordezkariordea, Mar Dabán, eta Ordezkaritzako Sustapen arloko zuzendari Endika Urtaran ere tartean ziren– bisita gidatua izan zuten aurkezpenaren ostean.
AGEren Ate Irekien Asteak beste erakusketa batzuk aurreikusten ditu, hala nola Enrique Isturizek Donostian egindakoa eta nazioarteko txertaketari, atzerritartasun tramiteei buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak, edo Bilboko Portuko mugako ikuskaritza postura edo NBEk izendatu berri duen Igeldoko Meteorologia Behatokira bisita gidatuak, Espainiako itsasoko eta lurreko zentro meteorologiko bakarra eta munduko hamargarrena baita.