- Espainiako Gobernuaren ordezkariak nabarmendu du Polizia Nazionalak euskal gizartearekin duen konpromisoa bere sorreraren bigarren mendeurrena ospatzeko
- Ekitaldia autonomia-erkidego guztietan egin da gaur, Gasteizko Espainia Plazan. Bandera nazionala igo da, eta ekintza terroristetan hildako polizien oroigarria gorde da
1824ko urtarrilaren 13an sortu zen Polizia Nazionalaren bigarren mendeurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur goizean Gasteizko Espainia Plazan. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Jesus Herranz poliziaburu nagusia, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta polizia eta zibil agintariak izan dira ekitaldian.
Ekitaldian zehar, hainbat erakunde eta segurtasun indar eta kidego saritu dituzte, euren lankidetza eta kolaborazioagatik, hala nola, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, EAEko Auzitegi Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Fiskaltza Nagusia, Guardia Zibila, Ertzaintza eta Gasteizko Udaltzaingoa. Era berean, azken urtean erretiroa hartu duten poliziei errekonozimendu diplomak banatu zaizkie eta ekintza terroristetan hildako Goi Buruzagitza honetako 113 poliziei omenaldia egin zaie.
Hitzaldian, Gobernuaren ordezkariak Polizia Nazionalaren 200 urteko jarduna gidatu duten eta zuzentzen duten balioak eta printzipioak goraipatu ditu, entregak, sakrifizioak eta justiziaren etengabeko bilaketak markatutako bidean. “Polizia Nazionalarekin euskal gizarteak askatasunean eta segurtasunean egindako ekarpenagatik hartutako esker oneko zorra kitatzeko unea da”, nabarmendu du.
Zerbitzu egintzan eroritakoei egindako omenaldiak bere diskurtsoaren zati handi bat hartu du. “Gaur errespetu eta samin handiz gogoratzen ditugu beren bizitzarekin gure askatasun eta segurtasunaren prezioa ordaindu zuten eragile haiek. Haiek betiko sinbolizatzen dute basakeriaren eta fanatismoaren aurkako borroka eta haien sakrifizioa ez da inoiz ahaztua izango”, adierazi du.
Denis Itxasok poliziak zerbitzatzen duen gizartearekin duen lotura nabarmendu du, baita erakundeekin eta beste segurtasun indarrekin duen lankidetza emankorra ere: “Polizia Nazionalaren, euskal erakundeen eta beste segurtasun-kidego batzuen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da bakean eta askatasunean oinarritutako bizikidetzarantz aurrera egiteko. Lankidetza, elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua izan dira adiskidetzeko eta elkar ulertzeko bide honetako zutabeak”.
Itxasok “mugarritzat” jo du emakumea Polizia Nazionalean sartu izana. “Haiek beren balioa, konpromisoa eta trebetasunak soberan erakutsi dituzte, erakundea aberastuz eta indartuz. Berdintasuna eta aniztasuna oinarrizko balio demokratikoak ez ezik, edozein erakunderen legitimazio sozialerako, arrakastarako eta eraginkortasunerako funtsezko elementuak ere badirela gogorarazten dute”.
“Polizia Kidego Nazionalarekiko esker on eta miresmen zintzoena” adierazi aurretik, polizia erakundeak aurre egin beharreko etorkizuneko erronkak errepasatu ditu Gobernuko ordezkariak. “Bilakaera teknologikoak, gizarte-erronka berriek eta kultura-aniztasunak Polizia Nazional hurbilagoa, modernoagoa eta egungo gizartearen beharretara egokituagoa eskatzen digute. Erakundeen eta gizarte zibilaren arteko lankidetza loturak indartzen jarraitu behar dugu. Herritarren parte-hartzeak eta giza eskubideen errespetuak ardatz nagusi izaten jarraitu behar dute euren eguneroko zereginean”.