- Denis Itxasok nabarmendu duenez, babes horrekin, “Espainiako Gobernuak beste bultzada bat eman dio hidrogenoaren euskal korridoreari”
- Hautatutako hamabi proiektuek 309 MW-eko elektrolisi-potentzia dute, eta 500 milioitik gorako inbertsioa eskatuko dute
- IDAEren bigarren deialdi honek lehenengoaren arrakasta berresten du, deskarbonizazio zaileko sektoreetan hidrogeno berdea ekoizteko eta kontsumitzeko proposamen berezi eta aitzindariak sustatzeari dagokionez
- Proiektu onuradun guztiek industria-aplikazioak dituzte, eta bostek hidrogeno berdea mugikortasun astunean erabiltzea aurreikusten dute
Espainiako Gobernuak 13.254.489,18 euro bideratuko ditu Bilboko Portuan kokatuta dagoen hidrogenoa ekoizteko eta erabiltzeko euskal proiektu batera. Diru injekzio garrantzitsua, Denis Itxaso Gobernuko ordezkariak azpimarratu duenez. “Espainiako Gobernutik beste bultzada bat ematen zaio hidrogenoaren euskal korridoreari, kasu honetan etorkizuneko mugikortasun astuna eta pertsonen garraioa ardatz hartuta”. Europako Next Generations funtsek inpaktu oso positiboa sortzen jarraitzen dute Euskadi energiaren arloan egiten ari den proiektu handienetako batzuetan”.
Itxasok zehaztu duenez, suspertze, transformazio eta erresilientzia planaren ekarpen horrek “13 milioi euro baino gehiago emango dizkio Zierbenan Petronorrek, IBILek eta salgaiak eta bidaiariak garraiatzeko enpresek osatutako partzuergo batek abian jarritako hidrogeno berriztagarriaren proiektu benetan berritzaileari”.
Guztira, hidrogeno berriztagarria industrian, garraio astunean eta karbonogabetzeko zailak diren beste sektore batzuetan batera ekoizteko eta erabiltzeko hamabi proiektu berrik jasoko dituzte H2 Aitzindarien bigarren deialdiko 150 milioi euroak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITECO) publiko egindako behin betiko ebazpen proposamenaren arabera. Laguntza-lerro hori ekimen berritzaileak sustatzeko diseinatuta dago, hidrogeno berdean oinarritutako negozio-eredu berrien bideragarritasuna frogatzeko eta merkatua aktibatzeko, eta, hala, lehen edizioaren arrakasta berresten du. Izan ere, joan den apirilean, 19 proiektutarako 150 milioi euro zeuden erabilgarri lehen edizioan.
Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) NextGenEU funtsekin finantzatuta, H2 Aitzindariak programa Energia Berriztagarrien, Hidrogeno Berriztagarrien eta Biltegiratzearen Berreskuratze eta Transformazio Ekonomikorako Proiektu Estrategikoaren (PERTE ERHA) barruan dago.
Bigarren deialdi horren ebazpenean, programaren kudeatzailea den Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) ondoen baloratutako 12 proiektuek bat egiten dute iturri berriztagarrietatik abiatuta elektrolisi bidez hidrogeno berdea ekoizteko eta hidrogeno hori gertuko leku batean industria-jarduera eta -prozesuetan kontsumitzeko planteamendu integratu batean; dela hidrogeno grisa edo gas naturala zuzenean erabiliz, amoniakora edo metanolera eraldatuz, dela portuko inguruetan erabilera geldikorrak garraiatzeko eta deskarbonizatzeko erregai gisa.
MUGIKORTASUN ASTUNA ETA PORTUAK
Hidrogenoaren azken kontsumitzaileen artean, besteak beste, elikadura-enpresak, industria kimikoa, zeramika, itsas garraioa eta aireportuetako instalazioak daude. Norgehiagokan aukeratutako bost ekimenek mugikortasun astuneko aplikazioak dituzte. Zehazki, hiru hidrogeno-sorgailu ezartzeko, hidrogenoz propultsatutako bederatzi ibilgailu astun erosteko eta zentro logistikoetako orga jasotzaileak egokitzeko laguntza esleitu da, hidrogeno berriztagarriarekin funtzionatzeko.
Hautatutako beste hiru proposamenek Bilboko, Gijongo eta Sevillako portuekin lotutako kokalekuetan egingo dituzte jarduerak. Eta proiektuetatik hamar Bidezko Trantsizioko edota Erronka Demografikoko eremuetan kokatzen dira, hau da, esleitutako laguntzaren %84. Autonomia erkidegoka, Andaluzia (3), Aragoi (2) eta Gaztela-Mantxa (2) dira ordezkari gehien dituztenak. Gainerakoak Nafarroan, Euskadin, Katalunian, Galizian eta Asturiasen daude.
Deialdi horren ondorioz, elektrolisi-potentzia 309 MW handiagotu da, eta, beraz, baliteke onuradunak oraindik diru-laguntzak onartu behar izatea. Aukeratutako 12 proposamenek 502,2 milioi euroko kostu subentzionagarria dute, eta guztira 578,14 milioiko inbertsioa mugiarazten dute.
PROIEKTU HANDIAGOAK
Ezaugarri aipagarri gisa, bigarren deialdi honetan potentzia-muga 50 MW-era zabaldu da, eta horrek, sektorearen bilakaera naturalari lotuta, proiektuen batez besteko tamaina H2 Aitzindarien lehen deialdian baino handiagoa izatea dakar. Gainera, gehienek elektrolizagailura zuzenean konektatutako energia berriztagarriko instalazio bat dute, eta proiektu askok sare elektrikorako konexioa eta PPA hitzarmenak dituzte elektrizitate berriztagarrien ekoizleekin, elektrolizagailuak ordu asko funtzionatuko duela ziurtatzeko.
Proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza 15 milioikoa izango da –gutxieneko inbertsio-atalasea milioi batekoa izango da–, eta onuradunak jaso beharreko diru-laguntza gisa egituratuko dira, behin betiko, proiektua gauzatu dela egiaztatu eta diruz lagundu daitezkeen kostuak egiaztatu ondoren.
Laguntzak esleitu zaizkien proiektuen sustatzaileak onuradun bakarrak dira gehienbat, eta hiru espedientetan ETEen partaidetza barne hartzen duten enpresa-taldeak daude, deialdiaren oinarrietan eskatutakoaren arabera. Esleitzeko irizpideen artean, gainera, honako hauek haztatu dituzte: laguntza publikoaren eraginkortasuna, Bidezko Trantsizioko eta Erronka Demografikoko eremuetan eragin positiboa izatea, emisioak eta ekonomia zirkularra murriztea, enplegua sortzea eta genero-berdintasuna. Hautatutako proiektuek ingurumenari “kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioa errespetatu beharko dute.
H2 PIONEROS programari buruzko informazio zehatzagoa IDAEren webgunean.
H2 BERRIZTAGARRIA: HERRIALDE-PROIEKTU BAT
Deialdi honek arautzen dituen laguntzak PRTRren 9. osagaiaren barruan daude (Hidrogeno berriztagarriaren eta haren integrazio sektorialaren ibilbide-orria), eta, bereziki, haren 1. inbertsioaren barruan: ‘Hidrogeno berriztagarria: herrialde-proiektu bat’. PERTE ERHAren deialdi nagusietako bat da. Teknologia, ezagutza, gaitasun industrialak eta negozio-eredu berriak garatzeko tresnen eta neurrien programa oso bat da, Espainiak energia garbien alorrean duen lidergoa sendotzeko.
EL PERTE ERHAk 16.300 milioitik gorako inbertsioa mobilizatuko du, Berreskuratze Planaren ekarpenen eta funts pribatuen artean. Oro har, laguntza ekonomikoa norgehiagokako deialdien bidez emango da, proiekturik onenak hautatzeko.
Halaber, laguntza-mekanismo hori hedatuta, aurrera egin da Hidrogenoaren Ibilbide Orriaren helburuak lortzeko bidean; hidrogeno berriztagarria bultzatzeko dokumentu estrategikoa da hori. Beste helburu batzuen artean, 2024an 300 MW eta 600 MW bitarteko elektrolisi-potentzia lortu nahi da, eta 2030ean 4 GW, Europako helburuaren % 10. Horrek erakusten du gure herrialdeak Europako testuinguruan funtsezko eragile izateko duen anbizioa.