- Espainiako Gobernuko Kultura Industrien, Jabetza Intelektualaren eta Lankidetzaren zuzendari nagusiak, Adriana Moscoso del Pradok, Artistaren Estatutuari buruzko berrikuntzak azaldu dizkie eragile kulturalei, eta ekimen horri buruzko zalantzak argitu ditu Koldo Mitxelena Kulturunean egindako jardunaldian
- Artistaren Estatutua Espainiako Gobernuaren konpromisoa da, Diputatuen Kongresuak 2018an aho batez onartu zuen txostenetik eratorria. Araudi fiskala, lanekoa, gizarte-segurantzakoa edo hezkuntzakoa kulturako profesionalen berezitasunera, lan-aldizkakotasunak markatutakora, egokitzeko aukera emango du
Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura Industrien, Jabetza Intelektualaren eta Lankidetzaren zuzendari nagusiak, Adriana Moscoso del Pradok, jarduera artistikoetan aritzen diren pertsonen kolektiboen ordezkariekin egindako topaketa batean parte hartu du gaur, Artistaren Estatutuaren garapenean egindako aurrerapenen berri emateko. Hitzaldian, hainbat neurri nabarmendu ditu: langabezia prestazioa, intermitentziari egokitutako iraupen jakineko kontratua edo jarduera artistikoa erretiro-pentsioarekin eta jabetza intelektualeko eskubideak jasotzearekin bateragarria izatea, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak eta Espainiako Gobernuak Euskal Herrian duen Ordezkaritzak antolatu dute jardunaldi informatiboa, eta kultur eragileei zalantzak argitzeko balio izan du, orain arte egindakoa eta egiteko dagoena nola funtzionatzen ari den ikusteko. Topaketa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin da, eta sektoreko 100 ordezkari baino gehiagok hartu dute parte.
Artistaren Estatutua Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren 24. Osagaian jasotako erreformetako bat da, eta haren xedea da zerga-, lan-, gizarte- edo hezkuntza-araudia kulturako profesionalen berezitasunera egokitzea, lan-aldizkakotasunak markatzen baitu berezitasun hori.
Jarduera horiek ezartzeaz Ministerioarteko Batzorde bat arduratzen da, 2021ean eratua, lan-taldetan antolatua eta kultura-sektorearen beraren parte-hartze aktiboarekin.
Urtarrilaren 10eko Ministroen Kontseiluak, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioaren, Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren eta Kultura eta Kirol Ministerioaren proposamenari jarraiki, taldearentzako gizarte-babesari dagokion multzorik garrantzitsuenetakoa onartu zuen. Kultura eta arte sektorearentzako lehen langabezia-prestazio berezia da, eta teknikariek eta laguntzaileek ere jaso ahal izango dute.
Moscoso del Pradok azaldu duenez, “lantaldeek laurogei bilera baino gehiago egin dituzte, oso aberasgarria den lan- eta elkarrizketa-dinamika ezarri dute Administrazioaren eta gizarte zibilaren artean eta, zalantzarik gabe, egindako erreformek arrakasta izateko giltzarri izan da. Elkarrizketa emankorra izan da, egiazkoa eta gardentasun eta elkarrenganako konfiantza osokoa. Artistaren Estatutuaren arabera, Espainian lehen aldiz, esparru arautzaile espezifikoen pakete bat sortzen da kultura-jarduerarako, eta horrek berekin dakar, azkenean, kultura-salbuespena onartzea”.
Sortzaileen lan baldintzak zaindu eta babestu behar direla azpimarratu du Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, “beste edozein lanbide bezain beharrezkoa den lanbidean lan egiten dutelako. Ezinbesteko gremioa da, beti garrantzitsua izan dena eta, orain, gainera. inoiz baino beharrezkoagoa da”.