Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak eta Rebeca Torro Industriako Estatu idazkariak beste bilera bat izan dute gaur, oraingoan bideokonferentzia bidez, BSH Taldearen nazioarteko zuzendaritzarekin. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako, Ekonomia eta Enpleguko kontseilaria eta Mikel Irujo Industria kontseilaria ere izan dira bilera telematikoan, besteak beste.
Hereu ministroak BSHrekin egiten duen laugarren bilera da gaurkoa, Nafarroako Eskiroz lantegiko ekoizpena eta enpleguaren mantentzea salbatzeko asmoz. Bai ministerioa, bai Foru Gobernua elkarlanean ari dira helburu hori lortzeko, BSHk planta hori ixteko asmoa ezagutarazi zuenetik.
Hereuk gaur berretsi du, joan den maiatzaren 9an Bartzelonan egindako azken bileran egin zuen bezala, beharrezkoa dela lantegiaren jarduerari eta enpleguari eustea, instalazioari etorkizuna emango dion irtenbide industriala gauzatzen den bitartean.
Hori dela eta, negoziazio prozesuari aldi baterako malgutasun handiagoa emateko eskatu dio ministroak BSHko zuzendaritzari, Ezkirozko lantegian interesa duten etorkizuneko inbertitzaileek –horietako batzuk dagoeneko hasi dira lantegira bisitak egiteko prozesua– erosteko balizko eragiketa bat arretaz aztertu ahal izan dezaten.
Ildo horretan, Industria eta Turismo Ministerioak aldizkako bilerak egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, ahaleginak bikoizteko eta Esquiroz fabrikarako alternatiba industrial bat gauzatzeko.
Herrialdeko politika industrial aktiboa eta gaitasun industrialak bultzatzen ari diren honetan, Industria eta Turismo Ministerioak uste du BSHk ez duela presarik izan behar Nafarroan duen planta ixteko, are gehiago itxierak konpainiaren arrazoi estrategikoei erantzuten dienean, eta ez arrazoi ekonomikoei.
BSHren aldetik, topaketan parte hartu dute Jörg Ulrich, produkzio zuzendari globalak; Christian Prenzel, konpainiak Europan duen zuzendariak; Maurizio Bernardi, Ekonomia Arloko zuzendariak, eta Jose Juste, BSHk Espainian duen CEOak.