Alicia Echeverria Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria buru izan da gaur goizean Europako Mugimenduaren Nafarroako Kontseiluarekin batera antolatutako Europaren Eguna ospatzeko ekitaldian. Aurten, Schuman Adierazpenaren 75. urteurrena bete da. Adierazpen horretan, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa sortzea proposatu zen, eta gaur egun Europar Batasuna den horretan bihurtuko ziren nazioz gaindiko erakundeen arteko lehena izan zen.
Egungo erronkei aurre egiteko, Batasun indartsu baten beharra defendatu du Echeverriak. Gobernuaren ordezkariak pandemia, Ukrainako gerra edo Donald Trumpen gobernuarekiko tirabirak izan ditu hizpide, eta orain mahai gainean dauden gaietan “akordioak eta adostasunak aurkitzearen” alde egin du, hala nola defentsan, gastu militarrean edota mundu osoko herrialdeekiko merkataritza harremanetan.
“Europar Batasun indartsu eta solidario bat inoiz baino beharrezkoagoa dela defendatzen dugu Espainiako Gobernutik”, adierazi du Alicia Echeverriak, “jakitun izanik nola garen geure ardurak hartu behar ditugula eta Batasuneko kide izateak dakartzan betebeharrak bete behar ditugula, garaiak aldatzen ari direlako eta nazioarteko agertoki berrira egokitu behar dugulako”.
Ekitaldian zehar, “Voces por Europa” manifestua irakurri dute. Bertan izan dira Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia sailburua; Ainhoa Unzu Parlamentuko presidenteordea; Jose Luis Goñi Nafarroako Kontseiluko presidentea; Ignacio Salvador Comptos Ganberako presidentea; Patxi Vera Herriaren Defendatzailea; Javier Taberna Unzu Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea; eta Elena Ordia Europako Kontseiluko presidentea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle batek ere parte hartu du, baita Europako Parlamentuak Foru Erkidegoan dituen sei Eskola Enbaxadoreetatik hirutako ikasle eta irakasleek ere: Irunberriko Ikastetxe Integratu Politeknikoa, Azagrako “Reyno de Navarra” Bigarren Hezkuntzako Institutua eta Monjardín Lizeoa. San Cernin, Vedruna eta Teresiar ikastetxeak ere Europako Parlamentuko Eskola Enbaxadoreak dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko irakasle Xabier Orbegozok “Bake iraunkorretik orainaldiko erronketara: Europar Batasunaren erronkak” izeneko saiakera akademikoa aurkeztu du, eta bertan Europak bizi duen momentua eta datozen urteetarako finkatutako erronkak xehatu ditu.